Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herschel

Alemaniar jatorriko ingeles astronomoen familia. v William. (Hannover, 1738 - Slough, Buckinghamshire, 1822). Gaztetatik Britainia Handian bizi izan zen. Organo-jotzaile aritu zen lehenbizi. Gero, bere esku trebetasunaz baliaturik, teleskopioak egiten hasi eta bere garaiko astronomo gailenetarikoa izatera iritsi zen. Izar bikoitzen behaketa sistematikoari ekin zion. Urano planeta (1781) eta haren bi satelite (Titania eta Oberon, 1787) aurkitu zituen, bai eta Saturnoren eraztun barneko Entzelade eta Mimas sateliteak ere (1789). Eguzki sistema Herkules konstelazioko apex deituriko puntura doala agerian jarri eta puntu horren koordinatuak eman zituen. Bere arreba Carolineren laguntzarekin Izarren katalogoa (1798) argitaratu zuen. Anaia hil zenean, Carolinek izar multzoen katalogoa egin zuen (1828). v John. (Slough, Buckinghamshire, 1792 - Collingwood, Kent, 1871). William-en semea. Izar multzoei eta izar bikoitzei buruzko ikerketa garrantzizkoak egin zituen, aitak asmaturiko kalkulu metodoak hobeturik. Izar multzoen katalogoa egin zuen, eta berak aurkitu zituen haietariko asko.