Hernández Palacios, Antonio
Komikigile espainiarra (Madril, 1921 - Madril, 2000). Espainiako Gerra Zibila hasi baino lehen, litografiak egiten ikasi zuen. Gerra bukatu zenean zinemarako kartelak egiten hasi zen. Tarteka-marteka komikiren bat egin zuen Chicos aldizkarirako. Asko ibili da Estatu Batuetan, eta bidaia horietako batean bururatu zitzaion Texasen eta hegoaldeko beste estatu batzuetan espainiarrek utzitako arrastoari buruzko komiki bat egitea, “Manos Kelly”, Trinca aldizkarirako. Handik gutxira beste komiki sail bat prestatu zuen, Espainiako Erdi Aroko historiako pertsonaia famatuenetako bati buruzkoa: El Cid. Hori da, dudarik gabe, Espainiako komikigintzako maisulan handienetako bat. 1974an, Jean-Pierre Gourmelen idazle frantsesaren lankidetzaz, Mac Coy egin zuen, western giroko komikia, bere karrerako lan ospetsuenetako bat. Espainiako Gerra Zibilaz zuen ikuspegia erakutsi nahiz, 80ko hamarraldian soldadu errepublikano baten gorabeherak kontatu zituen hiru liburutan: Eloy, Río Manzanares (Manzanares ibaia) eta Euskadi en llamas (Euskadi sutan). Beste lan batzuk: Roncesvalles (1981, Orreaga), Les chants de Maldoror (1982).