Helmholtz, Hermann Ludwig Ferdinand von
Alemaniar fisikaria eta fisiologoa (Potsdam, 1821 - Charlottenburg, 1894). Potsdam-en sendagile militar izan zen (1843), eta gero anatomia eta fisiologia irakasten jardun zuen Könisberg-en (1849), Bonnen (1855) eta Heidelbergen (1858). Azkenik, fisikako irakasle izan zen Berlinen, 1871. urtetik aurrera. 1847an argitaratu zuen txosten batean, energiaren iraupenaren hastapena azaltzearekin batera, fenomeno fisikoak energia motaren aldaketa besterik ez direla frogatu zuen. Energia potentzialaren kontzeptua azaldu eta energiaren iraupen hastapena aldarrikatu zuen. Helmholtzen zientzia ekarpenak hainbat alorretara hedatu ziren: elektrizitatea, dinamika, optika, akustika, etab. 1858an isurkarietako zurrunbiloen legeak azaldu zituen. Hotsen tinbrea elkarrekiko harmonikoen bidez definitu zuen (1862). Argiaren barreiadura aztertu zuen (1875), eta alor horretako lanak garrantzi handikoak ziren Lorentz-en elektroien teoria moldatzerakoan. Difrakzioak mikroskopioan zuen eragina ere ikertu zuen. Geometria sailean, berriz, zientzia horren alderdi enpirikoari buruzko liburu bat idatzi zuen (1868). Fisiologiaren alorrean, ikustezko eta entzutezko sentipenak aztertu zituen, nerbio kitzikaden lastertasunari dagokiona batez ere.
- heliozoo
- helize
- helkaitz
- helkari
- helmen
- Helmholtz, Hermann Ludwig Ferdinand von
- helmintiasi
- helminto
- helmintologia
- helmintoma
- helmuga