Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hegaldi

iz. Hegan egitea; hegan egiten den bitartea. 
■ Hegaldi jendedunak, espaziokoak. Astron. Espaziorako hegaldi jendedunei esker gizakiak beren planeta utzi eta espazio sideralean bizitzeko aukera izango dute, ontzi kosmikoetan eta orbita estazioetan. Grabitaterik gabe bizitzea atsegina da, baina aldi berean zaila; hala ere, espazioan egotearen benetako arazoak Lurrera itzultzean sortzen dira. 1961az geroztik, hirurehun gizon eta emakumetik gora joan dira espaziora, eta hegaldi luzeenak 438 eguneko iraupena izan du. ■ Astronautikaren aitzindariek, Konstantin Tsiolkovski, Wernher von Braun, Robert Hutchings Goddard eta Hermann Oberth-ek besteak beste, gizakiek ontzi kosmikoetan edo orbita estazioetan espaziora bidaiatuko zutela pentsatu zuten. Baina ez zekiten gizakiaren organismoak nola onartuko zituen espaziora hegaldia egiteko bete beharreko baldintzak. Izan ere, espazioan mugitzen den ontzi batean, gizakiak ez du grabitatearen eraginik nabarituko; eta baldintza horietan, arnas hartzeko, edateko eta jateko gauza izango al dira? Lan egiteko gauza izango al dira? Ez al da ontziaren barruan grabitate artifizial bat sortu beharko? ■ Oberth eta von Braunek diseinatu zituzten orbita estazioek gurpil itxura zuten, eta errotazioari esker indar zentrifugoa sortzen zuten, pisuaren sentipena eragiteko. 1950eko hamarraldiaren hasieratik bertatik sobietarrek misil militarrak erabili zituzten zakurrak eta beste animalia batzuk ehunka kilometroko altitudera bidaltzeko. Misil horien buruek jauzi soilak egiten zituzten eguratsetik kanpora eta ez ziren Lurraren satelite artifizial bihurtzen. Espazioan egin ziren lehenengo saio haietan ikusi zen zakurrek zenbait minutu batere grabitaterik gabe igaro eta osasuntsu itzultzen zirela. 1957an lehenengo Sputnik-a bidali zenetik bertatik, lasterketa bat hasi zuten Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak lehenengo gizakia espaziora bidaltzeko. Sobietar Batasuna irten zen garaile lasterketa hartan, eta 1961ean Gagarinek bira egin zuen Lurraren inguruan Vostok 1 ontziaren barruan. Bira horrek 108 minutuko iraupena izan zuen. Handik lau hilabetera, Titov-ek egun osoa igaro zuen kosmosean. Estatu Batuek 1962 arte ezin izan zuten birarik egin Lurraren inguruan: John Glenn astronautak hiru bira eman zituen Mercury MA-6 ontzian. Orduz geroztik, espaziorako hegaldiak ugari izan dira. 1994aren amaieran Estatu Batuek 96 hegaldi jendedun batu zituzten, zeinetan astronautek 3.809 egun, 9 ordu eta 29 minutu egin zituzten guztira kosmosean. Sobietar Batasunak (Errusiak gero), 78 hegaldi jendedun egin zituen, eta 10.802 egun, 6 ordu eta 54 minutu egin zituzten espazioan astronautek. 1961-1994 bitartean 323 lagun izan dira kosmosean, gehienak estatubatuarrak. Baina epazioan denbora gehien egin duena Valeri Poliakov errusiarra izan da; 438 egun egin zituen Lurraren inguruko orbitan 1994-1995 bitartean. ■ 1961. urteaz geroztik espaziora egin diren bidaia kopuruak eta iraupenak adierazten du gizakia ondo egokitzen dela kosmosaren baldintzetara. Baina horrek ez du esan nahi gizakiaren organismoak aldakuntza handiak jasaten ez dituenik, ez Lurrerako itzulera arriskutsua ez denik ere. Gizakia bat-batean grabitaterik gabe gelditzen denean, bihotzak, hezurdurak, giharrek ez dute pisuaren kontra borrokatu behar. Lehenengo egunetan egoera horrek sentipen ez atseginak sortzen ditu: odola burura itzultzen da eta horrek burua hazten den sentipena sortzen du; astronauten erdiak izaten du espazioko mina, itsasoko minaren antzekoa. Baina organismoa berehala ohitzen da ingurumen berrira: odol zirkulazioaren bolumena txikitzen da, bihotza eta giharrak ahultzen dira, eta hezurrek kaltzioa galtzen dute. Zenbait astez edo hilabetez kosmosean gelditzen diren pertsonak oso ondo ohitzen dira goirik eta beherik gabeko unibertso batean bizitzera, lan egitera eta orbita estazioaren barruan igerian bezala mugitzera. Baina ontzi barruan ez dago erosotasunik. Ura gutxi dute erabilgarri, eta oso zaila da, gainera, dutxa hartzea grabitaterik gabe. Elikagaiak liofilizatuak izaten dira gehienetan. Airea birziklatu egiten da etengabe. Objektuak lotu egin behar dira, ontzian igeri egoten baitira. Partikulak eta hautsak ere berdin. Bestalde, lurrera itzultzean arazoak sortzen dira. Izan ere, astronautaren organismoa poliki-poliki ohitu egin da grabitaterik gabe bizitzera, baina lurreko grabitatera arriskurik gabe itzultzeko bihotzaren, hezurren eta giharren ahultasunari aurre egin behar zaio. Horretarako ariketa fisikoak egin behar dira lehenik: orbita estazioek zenbait tresna izaten dituzte gimnastika egiteko. Horregatik, espazioan zenbait astez egoten diren astronatek ordu bat edo bi eman behar dituzte egunero ariketak egiten. Baina ariketa fisikoak ez dira aski bihotza eta zainak prestatzeko. Lurrera itzuli aurreko asteetan astronautek eskafandra berezi bat erabiltzen dute, zeinetan grabitatearen efektua era artifizialean eragiten den sistema kardiobaskularrean. Sistema horren oinarria bentosarenaren berdina da. Hala ere, batzuek zenbait aste behar dituzte lurrera iritsi eta grabitatera erabat egokitzeko.