Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hazparne

Lapurdiko ekialdeko udalerria, izen bereko kantonamenduan. Hasparren du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Mugerre eta Ahurti; ekialdean, Lekuine, Aiherra eta Bastida; mendebalean, Kanbo, Haltsu eta Mugerre, eta hegoaldean, Makea eta Lekorne. Garaiera, 89 m. 77,01 km2. 1999ko datuen arabera, 5.913 biztanle ditu (hazpandarrak), 1990ean baino ia 600 gehiago. Auzo nagusiak: Urkurai, Zelai, Sohano, Larrartia, Minhotz, Hazketa, Elizaberri, Peña, Côte, Harriagako San Martin, Ganboia, Ermindegi, Altzieta, Aldabidia, Xapitalia, Agerrea eta Ahotzia. Hazketa erreka igarotzen da udalerriaren hegoaldetik. Euskara, sartaldeko behe-nafarrera; euskaldunak, % 76. Industria (zapatagintza, ehungintza, eraikuntza) eta nekazaritza (bazkarako landareak, ardi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Zerbitzuen alorrak ere badu garrantzia (Nekazaritza Ikerketarako Zentroa, udatiarrentzako azpiegitura). v Historia. Historiaurretik ezagutzen dira jende aztarnak Hazparneko aldean. Erromatarren garaikoa da (II. mende erdialdekoa edo) elizako aldare nagusian aurkitu den idazkia. Idazki horretan verus delako batek eskerrak ematen dizkio bertako jainko bati, Novempopulania lurraldea (Garona ibaitik Pirinioetara) Galiatik bereizi zelako. 1247. dokumentu batek aipatzen du Hazparneko herria lehen aldiz Ahezbarrene izenaz, Donejakue bideko herri gisa. Azken urteotan erromatar kanpamendu baten aztarnak aurkitu dira Hazparnen. XIII. mendetik aurrera garrantzi handia izan zuen larrugintzak Hazparnen. XVIII. mendean 100.000 idi, behi eta ahari larruki inportatzen ziren bertara Ipar Ameriketatik eta Ingalaterratik, eta ondu ostean Holandara, Espainiara eta Europako iparraldeko herrietara esportatzen ziren. 1718. urtean 4.200 biztanle zituen Hazparneko herriak, eta egun baino askoz ere herri garrantzitsuagoa zen. XVIII. mende erdialdean hasi ziren hazpandarrak oskigintzan. Laurehun langiletik gora aritzen ziren garai hartan larru ontzeko lanetan. 1784. urtean, Baionako portua eta Errobi ibaiaren ezkerraldea eremu franko egin zuten eta zerga bereziak ezarri zizkioten Hazparneko industriari, eremu hartatik kanpo baitzegoen. Hazparneko emakumeak neurri horien aurka matxinatu ziren, baina zapalkuntza latza izan zuten. Zapatagintzari loturiko industriak gaur arte iraun du, 1965-1967 urteetan desagertzear egon zen arren.