haurren zuzenbidea
Adin txikikoen eskubideak babesteko legedia. Legearen esparruan, haurrek leku berezia izan dute beti, egin dezaketenari dagokionez batez ere. Familiaren esparruan, aldiz, XX. mendea arte itxaron behar izan da zuzenbideak haien bizitzan parte har zezan, arestian gurasoak baitziren (aita, gehienetan) seme-alaben bizitza arautzen zutenak. ■ Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana. Herrialde aurreratuen lege sistema gehienetan adin txikikoaren interesak beste edozeren gainetik daude. Legeak gurasoei uzten die seme-alaben gaineko "erantzukizuna"; hau da, legeak dio gurasoek seme-alabak hazteko eta hezteko betebeharra dutela. Gurasoek seme-alaba ezagutu orduko bere gain dute erantzukizun hori, eta bereiziz gero ere erantzukizun hori izaten jarraituko dute. Gatazka sortuz gero, auzitegira jo daiteke aitatasuna edo amatasuna eskatzera. Semea sasikoa bada, erantzukizuna amari baizik ez dagokio, baina aitak auzitegira jo dezake erantzukizun hori eman diezaioten. ■ Haurrak liskarbide. Hala gertatzen da gurasoen arteko harremanak gaiztotzen hasten direnean. Halakoetan auzitegiak du seme-alabekin zer gertatuko den erabakitzeko eskubidea. Gurasoen artean konponbide batera iristeko aukerarik ikusten bada, auzitegiak horri ematen dio lehentasuna eta ez du erabakirik hartzen, haurraren hobe beharrez. Halakoetan, klausularik inportanteena bizitokiarena da, seme-alaben bizitokia zehazten duena alegia. Kasurik gehienetan amarekin bizitzen dira, baina aitarekin ere bizi daitezke, eta bien artean banatzeko aukera ere bada. Klausula mota horri harreman klausula bat eransten zaio, haurrekin bizi ez den gurasoari haiek aldian behin ikusteko aukera ematen diona. Beste klausula batzuek adostasunik ez duten eztabaidagai jakin batzuk aztertzen dituzte, haurra zer eskolatara eramango den, adibidez. Zailtasun handiko kasuetan, debeku klausulen bidez gurasoari haurra atzerriratzea debeka dakioke, adibidez, atzerritik itzultzeko asmorik ez duela sumatzen bada. Haurrak tarteko diren kasu guztietan haurraren ongizateak du auzitegiarentzat lehentasun osoa. ■ Adin txikikoaren babesa. Adin txikikoak babesteko legearen arabera, estatuko erakundeek (gizarte arazoetako eta ongintzako zerbitzuek) haurrak arriskuan direnean esku hartzeko eskubidea dute. Erakunde horien zeregina ez da erraza eta askotan kritikatuak dira, haurra babesteko neurriak garaiz ez hartzeagatik, edo ardura handiegiaz jokatzeagatik eta haurrak familietatik bereizteagatik. Legea, bestalde, gizarte zerbitzuen politikari men eginez, arazoari konponbidea ematen saiatzen da familia hautsi gabe. Kasurik larrienetan, legeak tokian tokiko agintaritzaren eskuetan uzten du gurasoen erantzukizuna; horrek haurra familiatik bereiztea eta beste familia baten ardurapean uztea dakar. Arazoa konpontzen bada, haurra familiarekin itzuliko da, baina bestela bada, haurra adopzioan eman dezala eskatuko zaio auzitegiari, haurra txikia bada, edota haurren laguntzarako erakunde baten zaintzapean jar dezatela adinez nagusi izan arte. Larritasun handiko kasuetan, auzitegiak larrialdietarako babes klausula bat erabiliko du haurra arrisku handiko inguruneren batetik ateratzeko. Bestalde, haurrek sexu gehiegikeriak pairatzen dituzten kasuetan, Auztegi Gorenak har dezake, gurasoen ordez, haurraren etorkizuna eta ongizatea zaintzeko ardura. ■ Haurraren nazioarteko zuzenbidea. 1989an Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak Haurraren Eskubideen Hitzarmena onartu zuen. Hitzarmen haren arabera Estatuak haurrari buruz hartzen dituen neurri guztiek adin txikikoaren onerako izan behar dute beti. Hitzarmenak adin nagusiek dituzten oinarrizko eskubide eta askatasun berberak onartzen dizkie adin txikikoei, haurrak tratu txarretatik babesteko neurriak eskatzen ditu, eta bizi baldintza, heziketa, osasun zerbitzu eta denbora pasa egokiak eskain diezazkieke.