haurren esplotazioa
Haurrak lanerako erabiltzeaz esaten da, lana haurraren osasunerako kaltegarri edo eskolatzeko eragozgarri gertatzen denean. Historian zehar, eta kultura mota guztietan, haurrek gurasoei lagundu izan diete soroko lanetan, abere zaintzen, salerosketan, edo etxean bertan, hartarako gai ziren bezain laster. Dena dela, haurrak lanean jartzea ez da arazo gisa hartu izan fabriketako sistema sortu zen arte. ■ Historia. Industria Iraultza –eta harekin batera, fabrika sistema eta haurren esplotazioa– Ingalaterran sortu zen, XVIII. mendean. Kotoi fabriketako nagusiek umezurtz etxeetatik hartzen zituzten haurrak, edo behartsuei erosten zizkieten, eta lanean jartzen zituzten, mantenu hutsaren truke. Hala, bost eta sei urteko haurrak egunean 13 eta 16 orduko lanaldiak egindako kasuak gertatu izan ziren. XIX. mendearen hasieratik erreformista batzuk gehiegikeria horiek eragozteko legeak egin zitezen saiatu ziren, baina ahaleginak ahalegin, ez zuten gauza handirik lortu, ez baitzuten indarrean zegoen lan legedia –gehieneko lan orduei edo lanerako gutxieneko adinari buruzko legeak, adibidez– sendotzea ere lortu. Lan baldintza horiek fabrika guztietara zabaldu ziren. Leku gehienetan buruzagi politiko, sozial eta erlijiosoen baimenarekin onartzen zen haurrak lanean aritzea, baita meatzaritza bezain lan arriskutsuetan ere. Horrek guztiak oso ondorio kaltegarriak zituen: analfabetismoa, txirotasuna, haur gaixoak eta ezinduak ugaltzea. Gizartearen haserrea handituz joan zen. Hala ere, haurren esplotazioa galarazteko lehenengo legea ez zen 1878. urtea arte egin. Lanerako gutxieneko adina hamar urte behar zuela izan eta 10-14 urte bitarteko gazteek gehienez ere lanaldi erdia egin zezaketela erabaki zen; larunbatetan, gainera, lanaldi erdia besterik ez zuten egingo. 14 eta 18 urte bitarteko gazteek ere ezingo zuten 12 ordu baino gehiago lan egin. Industria Iraultza Europako beste herrialde batzuetara eta Estatu Batuetara zabaldu ahala haurren kontrako gehiegikeriak eta esplotazioa ere bazter guztietara zabaldu ziren XIX. mende osoan eta XX.aren hasieran. Ingalaterran bezala, gehiegikeriek gizartearen protestak eragin zituzten eta lege berriak egin ziren lanerako gutxieneko adina finkatu eta lan orduak murrizte aldera. Gaur egun ere, baina, Amerika, Asia eta Afrikako herrialde askotan, garatze bidean direnetan batez ere, behartasunak oso baldintza kaskarretan bizitzera behartzen ditu haurrak, eta haurren esplotazioa ez da inola ere ohiz kanpoko gauza. Herrialde aurreratu eta aberats batzuetan ere –Estatu Batuetan, adibidez, Mexikorekin muga egiten duten estatuetan batez ere– haurren esplotazioaren salaketa ugari daude. ■ Nazioarteko arazoa. Haurren esplotazioa arazo latza da oraindik ere, XXI. mendearen hasieran, munduko herrialde askotan. 1979an, haurraren nazioarteko urtean, egindako azterketa batzuen arabera, 15 urtez azpiko 50 milioi haur baino gehiago ari ziren baldintzarik kaskarrenetan lanean. Haur horietako gehien-gehienak Latinoamerika, Afrika eta Asiako herrialdeetan bizi ziren. Oso baldintza kaskarretan aritzeagatik eta gehienek alfabetatzeko aukera galduagatik ere, haien irabazi urriak ezinbestekoak izaten dira haien familientzat, familia horietako askok ez baitute ezta oinarrizko premiak (janaria, etxebizitza, arropa, ura) asetzeko ere. Zenbait herrialdetan industrializazioak haurrentzat ekarri dituen lan baldintzak XIX. mendeko lantegi eta meategi txarrenekin pareka daitezke. Indian, adibidez, 20.000 haur inguru dago egunean 16 orduz lanean pospolo lantegietan. Baina haurren esplotazioa ez da garatze bidean diren herrialdeetan bakarrik gertatzen, baita Europako eta Estatu Batuetako hiri handietako behar gorriko guneetan ere, Laugarren Mundua deitu ohi den horretan. Pobreziazko egera horren beste ondorioetako bat hiri handietan prostituziora jo behar izaten duten haurrak gero eta gehiago izatea da. Haurren esplotazioa desagerrarazteko ahalegin handienak Nazioarteko Lan Erakundeak (NLE) egin ditu, Nazio Batuen babespean. Erakunde horrek hamasei urte baino txikiagoak lanerako enplegatzea debekatzea, aldian behin mediku azterketak egitea eta gau lana arautzea eskatzen du, besteak beste. Nolanahi ere, NLEk ez du hitzarmen horiek betearazteko ahalmenik, herrialde kideak beren borondatez atxikitzen baitzaizkio.
- haurgintza
- haurgite
- haurkeria
- haurmin
- haurño
- haurren esplotazioa
- haurren zuzenbidea
- haurreria
- haurride
- haurridego
- haurridetasun