Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hartz

iz. Ugaztun haragijale plantigradoa, ile sarri eta luzekoa, handia, motaren arabera zuria, arrea edo beltza izan daitekeena (Ursus sp.). v Hartz arrea (Ursus arctos). 2-3 m luze izan daiteke, eta kolorea arrea, grisa edo gorrixka izan dezake. Banaka edo talde txikietan ibiltzen da. Europako, Asiako erdi eta iparraldeko eta Ipar Ameriketako basoetan bizi da. Pirinio mendietan ere asko zen lehen, baina desagertzeko arriskuan dago gaur. Orojalea da, baina landareak jaten ditu batez ere. v Hartz zuria (Thalarctus maritimus). Ile trinko sarria, gaztetan zuria eta handitzean horixka duen eta lur guztiz hotzetan eta ur izoztuetan bizi den hartz mota, hartz arrea baino handiagoa. 2,50 m inguru luze izaten da, 1,60 m garai, eta 700 kg har ditzake. Gorputza eta lepoa beste hartz motek baino luzeagoak izaten ditu. Ibilera baldarra eta makala du, baina igerian bizkorra eta iraun handikoa da. Fokak, itsas hegaztiak eta arrainak jaten ditu. Groelandiako hegoaldeko eta Kanadako iparraldeko itsasertzetan bizi da. v Harpetako hartza. (Ursus spelaeus). Ursidoen familiako ugaztuna, Pleistozeno garaian ugari zena, gaur egun desagertua. Alemanian, Espainian, Ingalaterran, Errusian eta batez ere Austrian aurkitu dira haren hezurrak. Dirudienez harpetan biltzen zen negualdiko loa pasatzeko. Austriako Drachenhohle harpean 30.000tik gora hartzen hezurrak aurkitu dira. Belar jalea zela uste da. Neanderthal-eko gizonak harrapatzen zuen, bere errituetan garrantzi handia baitzuten hezurrek. v Hartz beltza ik. baribal. v Hartz inurrijalea. (Myrmecophaga tridactyla). Horzgabeen ordenako mirmekofajidoen (inurrijaleen) familiako animalia ugaztuna, muturra eta burua luzeak, aho-zulo estua eta mihi mehe uzkurkorra dituena. Mihiaz baliatzen da inurri zuloetan inurriak harrapatzeko. 1,30 m inguru luze izaten da eta 20 kg izan dezake. Muturrean eta lepoan ile motza du, hanketan eta isatsean oso luzea, hauts koloreko zurixka gune batzuetan, arrea beste batzuetan. Mexikotik Argentinako hegoalde bitartean bizi da. v Serafin hartza(Cyclopes didactylus). Horzgabeen ordenako mirmekofajidoen familiako ugaztuna, 16 cm inguru luzeko gorputza eta 20 cm-ko isats orakorra duena. Ez da inurrijalea bezain mutur-luzea, ezta hura bezain handia ere. Bizkarraldeko ileak gorrixkak ditu, eta sabel-paparretakoak aldiz grisak. Aurreko hanketan, lau behatzetatik hiru bakarrik izaten ditu hatzapardunak. Mexikotik Brasila bitarteko lurraldeetan bizi da. Inurriak eta erleak janez elikatzen da.