Hartutako Immunitate Eskasiaren Sindromea (HIES)
(Ing; AIDS; Gazt. eta Fr. SIDA). Giza gorputzaren immunitate sistema hondatzen duen eritasuna, birus batek (edo batzuek) sortua, eria zenbait infekziori aurre egin ezinik uzten duena, eta, hortaz, heriotza ekar dezakeena. v HIV infekzioaren eta HIESaren sendagintza. HIESaren lehenengo birusa Frantzian bakartu zen aurrenekoz, 1983. urtean, eta Estatu Batuetan bakartu zen hurrengo urtean. Birus horri HIV-1 deitu zioten. 1985ean, Frantzian, beste birus bat bakartu zuten, aurrekoaren oso antzekoa eta orobat HIESaren eragilea. Birus hori, zeinari eman baitzitzaion HIV-2 izena, Afrika Mendebaldean gertatzen da gehienbat, eta HIV-1 birusa berriz mundu osoan. 1985. urtean prestatu ziren HIV-1 birusa odolean antzemateko froga erabilgarriak, eta HIV-2 birusa antzematen dituztenak berriz, 1992. urtean. HIV froga horiek HIESaren birusen antigorputzak identifikatzen dituzte. Antigorputzak odoleko zenbait zelula zurik sortzen dituzten proteinak dira, eta birus berezien kontra, bakterioen kontra edo gorputzean sartzen diren gai arrotzen kontra erreakzionatzen dute. Odolean HIV birusaren antigorputzak izateak birus horrek eragindako infekzioa adierazten du. Era berean, bada beste froga bat HIV-1ren antigorputzak ahoko isurkarietan antzematen dituena. Badira bestelako froga batzuk ere, odoleko HIV birusaren kopurua zuzenean neurtzen dutenak. Froga horiei esker, gaixo batek sendagaiei ematen dien erantzuna neur daiteke, nolako osasuna izango duen pertsona seropositiboak iragar daiteke eta, gutxi gorabehera, zenbat denboraz biziko den. 1996. urtean zabaldu ziren bestalde etxean egin daitezkeen HIV frogak. HIV infekzioa duen pertsona HIESak jota dagoela esaten da baldin eta frogen arabera, odolean mikrolitroko (0.000001 litro) 200 CD4 zelula baino gutxiago (zelula zuri jakin batzuen molekula, birusak erasotzen diona) duenean, edota birusaren ondoriozko eritasun bat edo gehiago duenean. Pertsona seropositibo guztiek egon beharko luteke sendagile baten zainpean, eta maiz egin odol frogak, odolean dituen birus kopurua eta CD4 zelulen kopurua neurtzeko. v Sendabidea. Sendabideak badira gaur egun, baina ez da aurkitu oraingoz HIESa erbat sendatzeko modurik. HIESa ezagutu zenez geroztik, HIV birusak giza zelulak nola infektatzen eta kaltetzen dituen ulertzen saiatu dira zientzialariak. Aurkikuntza garrantzitsua izan zen HIV birusak ugaltzeko alderantzizko transkriptasa deritzan entzima erabiltzen duela jakitea. Entzima hori ez baita normalean giza zeluletan aurkitzen, entzima horren jarduna etengo zuten sendagaiak lortzen saiatu ziren zientzialariak. Saio horien ondorioz birusaren kontrako sendagai mota bat prestatu zen; alderantzizko transkriptasa inhibitzaile deritzen sendagaiak hain zuzen. Aurrenekoa, zidobudina deitua (normalean, AZT), 1987an zabaldu zen Estatu Batuetan. Bai AZTk, bai beste alderantzizko transkriptasa inhibitzaileek, alboko efektu gaiztoak izaten dituzte, horien artean anemia larria, odol transfusioen beharra sortzen duena. Bestalde, HIV birusa erresistentea egiten da sendagai horiei buruz, sendagaiak banaka ematen badira. Hortaz, konbinatu egiten dira, eta hartzeko ordena aldatzen da, tratabidearen eraginkortasuna areagotzeko. 1995. eta 1996. urteetan, lehen hiru proteasa inhibitzaileak –indinavir, ritonavir eta saquinavir–, onartu ziren HIV birusa tratatzeko. Birusaren kontrako sendagai horiek proteasaren jarduna eteten dute; giza zeluletan aurkitzen ez den beste HIV entzima bat da proteasa. Proteasaren inhibitzaileek, transkriptasa inhibitzaileak bezala, HIV birusaren ugalketa eteten dute, baina ugalketaren geroagoko aldi batean. 1996. urtean, birusen kontrako sendagaien konbinazio jakin batzuek odoleko HIV birusa ia antzeman ezinezko mailetara jaitsarazten zutela frogatu zuten hainbat azterketak. Nahiz eta HIV birusek, dirudienez, CD4 zelulen barruan jarraitzen duten, azterketa horiek zirela-eta, terapia konbinatuak birusaren ugalketa menderatuko ote zuen esperantza sortu zen. Era berean, balizko sendaketaren itxaropena ere ekarri zuten aurkikuntza horiek. Sendagaiak, ordea, kopuru handietan hartu behar dira eta denbora askoan, eta HIV birusa erresistente egin daiteke haien kontra. Ikusteko dago zein izango den luzarora sendagai konbinaziorik seguruena eta eraginkorrena. Garrantzitsua da bestalde HIESaren ondorioz sortzen diren eritasunei aurrea hartzea eta behar bezala tratatzea. Eritasun ohikoenak Pneumocystis carinii pneumonia eta Kaposiren sarkoma dira. PCP pneumoniari aurrea hartzeko antibiotiko bereziak erabiltzen dira, eta Kaposiren sarkomaren kasuan berriz, gai biologikoak. Ikertzaileen arabera, HIESa sendatzeko birusaren hazkundea eten beharra dago, ondoriozko eritasunei aurrea hartua, eta immunitate sistemaren funtzionamendu normala berrosatu. v HIESaren historia. Zientzialariek ez dakite ziur ez nola, ez noiz, ez non garatu zen HIESaren birusa, ez nola kutsatu zuen jendea aurrenekoz. Ikertzaileek frogatu dutenez, HIV-1 eta HIV-2 birusek antz handiagoa dute tximinoen immunitate eskasiako birusekin beste edozein birusekin baino. Hortaz, pentsatu izan da HIV birusa Afrikako tximino batzuek berez zituzten birusetatik, nolabait ere gizonari kutsatuta, garatu dela. 1999. urtean, Estatu Batuetako ikertzaileek HIV-1 Afrikako Mendebaldeko txinpantze talde batean sortu zela adierazten zuten datuak aurkitu zituzten. Birus hori txinpantzeak ehizatzen, prestatzen edo jaten zituzten pertsonei kutsatu ahal izan zitzaien. v Zientzialarien ustetan, 1960 eta 1970eko hamarraldietan izan ziren gizarte aldaketa garrantzitsuen ondoren barreiatu zen HIV birusaren infekzioa. Oso jende kopuru handiak mugitu ziren urte haietan landaldetik hirira, eta horrek jendetza handiak pilatzea, langabezia eta prostituzioa ekarri zituen. Egoera horretan, biziki ugaldu ziren sexu bidez transmititzen diren eritasunak, HIESa haien artean. Eritasuna zabaldu baino lehen sartu ahal izan zen, behin baino gehiagotan, nazio industrializatuetan birusa. v HIESa eritasun “berri” gisa Los Angelesen eta New Yorkeko identifikatu zuten aurrenekoz sendagileek, 1980 eta 1981ean hurrenez hurren. Ohartu ziren gauza berria zela hura gaixo guztiak aldez aurretik pertsona osasuntsuak zirelako, eta denak ziren gizonezko homosexualak, minbizi eta pneumonia forma bitxiak zituztenak. HIES izena 1982. urtean (ingelesez, AIDS), asmatu zen. Laster ohartu ziren ikertzaileak immunitate sistema kaltetua zegoenean sortzen zela, eta kaltearen eragilea sexu harremanen bidez, drogatzeko orratzak pertsona batek baino gehiagok erabiliz, eta odol kutsatutako transfusioen bidez zabaltzen zela. HIV birusa bakartu zenean 1983 eta 1984an, HIV infekzioa antzemateko frogak prestatzeko saioak egin ziren. Froga horiek erabili dira orobat 1950-1970 urteetan hil zen jendearen ehunak aztertzeko. Emaitzek erakusten dutenez, badira haien artean HIESak jota hil zirenak. v HIESa gaur. Mundu osoan zehar aurkitu diren HIV infekzio kasuak izugarri ugaldu dira 1980ko eta 1990eko hamarraldietan. 1990eko hamarraldiaren amaieran, estimazioen arabera, 33 bat milioi pertsonak dute HIV infekzioa edo daude HIESak jota, eta egunero-egunero 16.000 lagun inguru inguru kutsatzen dira. HIESaren zabalkundea menderatzeko hainbat neurri hartu dira, eta horietako batzuek arrakasta handia izan dute. Hala adibidez, Estatu Batuetan, gizon homosexualen artean, motelago zabaltzen da gaur egun eritasuna 1980ko hamarraldian baino. Prebentzioari zor zaio hori oso-osorik, eta prebentzioaren ondorengo sexu jokamoldearen aldaketari; hala, sexulagunen kopurua murriztu da, eta askoz gehiago erabiltzen dira kondoiak. HIV birusaren odoleko frogek, 1985. urtean zabaldu zirelarik, odol transfusioarekin zerikusia zuten kasuak murriztu zituzten 1980ko hamarraldiaren bukaeran. HIESaren proportzioa bestelako jende taldeetan, ordea, hazi egin da 1980 eta 1990eko hamarraldietan. Talde horiek gizon eta emakume heterosexualak, orratzak erabiltzen dituzten drogazaleak, eta gizonezko homosexual gazteak dira. ■ Gaur egun, estimazioen arabera, 30 milioi lagun baino gehiago dago munduan HIV edota HIESak jota, horietatik 21 milioi Afrikan. Kutsadura kasu berriak ustez 5,8 milioi inguru dira. Gaixo horien artean, “arriskuan dauden” pertsona kopurua, alegia, luzaroan kutsatzeko arriskua zutenena (gizonezko homosexualak, orratzak erabiltzen dituzten drogazaleak, odol transfusioak hartuak), jaisten ari da, eta hazten heterosexualena. Gaur egun emakumeei eragiten die batez ere eritasunak, eta emakumeek haurrei kutsa dakiekete haurdun badaude; horren ondorioz, asko ugaldu dira HIES kasuak haurrengan. Osasunaren Mundu Erakundeak egin berri dituen kalkuluen arabera, seropositiboen eta HIESa duten gaixoen zenbatekoa 2.000 urtean 40 milioi pertsonatik gorakoa da. v Etorkizuna. Esan bezala, ez dago oraindik eritasunaren hedapena guztiz eta betiko etengo duen sendagairik. Txertoa lortzeko zailtasunik handienak animalia “ereduak” (txinpantzeak) ezin erabiliak dakartza, birusaren kutsadurak haiengan sortzen dituen ondorioak gizonarengan ez bezalakoak baitira. Baldin eta txertoa animalietan saiatzerik balego, are zailagoak lirateke gizonarengan saioak egiteko aukerak: esperimentu gisa, uste da txertoa gutxienez hamar urtez saiatu beharko litzatekeela, eta 4.000 pertsonarengan, txertoaren arriskurik eza eta eraginkortasuna behar bezala ziurtatzeko. Bestalde, birusaren aldaerak ere kontuan hartu beharko lituzke balizko txerto horrek: uste da badirela munduan 1.000 birus mota inguru. Hortaz, txerto unibertsala eskuratzeko, birus taldeko txerto bana prestatu beharko litzateke. Era berean, oso zaila da sexu bidez transmititzen diren eritasunen kontrako txertoak prestatzea, muki-mintzen immunitatea ez baita oraindik ondo ezagutzen. Nolanahi ere, eta zailtasun horiek guztiak gorabehera, laborategi askok lortu dute galdera horiei partez behintzat erantzutea.
- Hartmann Von Aue
- Hartmut, Michel
- hartu, har, hartzen
- hartu-eman
- hartune
- Hartutako Immunitate Eskasiaren Sindromea (HIES)
- hartxintxar
- Hartwell, Leland H
- Hartz Handiaren aintzira
- hartz
- hartzaile