Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Handke, Peter

Austriar idazle eta zinemagilea (Griffen, 1942). Antzerkia, zinemarako gidoiak eta eleberriak idatzi ditu. Bere liburuetan gizonaren bakardadea eta inkomunikazioa izan ditu gai nagusiak. 1966an argitaratu zuen lehen eleberria –Liztortzarrak–, eta horren segidan idatzi zituen Gutun laburra agur luze baterako (1972), Emakume ezkertia (1976), Idazle baten arratsa (1987) eta Munduaren pisua (1984). Literatura konbentzioaren kontra areago joan zen haren «komedietan», hizkuntza bera tresna mugatzaile eta menderatzaile gisa salatuz: Publikumsbeschipfung (1966, Publikoari irainka), Selbstbezichtigung (1966, Autoiraina) eta Kaspar (1968). Handkeren eleberri asko zinemako gidoi gisara idatziak dira. Wim Wenders zinemagilearekin lankidetza estuan aritu izan da, eta hark zinemara eraman zuen bere Atezainaren beldurra penaltiaren aurrean eleberria. Wendersekin elkarlanean egin zituen –gidoigile gisara– Mugimendu faltsua, Alizia hirietan eta Zerua Berlin gainean. Zinema zuzendari gisara Emakume ezkertia (1977) eta Hutsunea (1992) zuzendu ditu, besteren artean. Bidaia liburu eta erreportajeak ere egin ditu. Zalaparta handia sortu zuen 1996an kaleratu zuen Justizia Serbiarentzat obrak, serbiarren alde azaldu baitzen Balkanetako gatazkan. Aipagarriak ditu, halaber: Die Stunde der wahren Empfindung (1975, Benazko sentipen unea); Geschichte eines Bleistifs (1983, Lapitz baten historia); Kindergeschichte (1981, Kontakizuna neska batekin); Über die Dörfer (1981, Herrietan barrena), poema dramatikoa; Die Lehere der Sainte-Victoire (1980, Sainte-Victoireren dotrina).