Hamas
(Izen osoa, Harakâtu l-mujawamati l-'islâmiyya). Palestinako talde politiko islamiarra, Israelekin bakea egitearen aurkakoa eta hari armez aurre egitearen aldekoa. Hamas izena ez da laburdura, ezizena baizik, eta arabieraz "kar" ("garra", "lehia bizia") esan nahi du. Izen osoa "Harakâtu l-mujawamati l-'islâmiyya" da eta "Erresistentzia Mugimendu Islamiarra" esan nahi du. Hamas taldea 1988an sortu zen, eta Musulman Anaitasunetik kanpo hazi eta zabaldu zen, Gazan erlijio, gizarte eta heziketa lanetan ari zen talde batetik. Hamasen eta Musulman Anaitasunaren arteko harremana ona da eta bi taldeak erakunde bakartzat har daitezke. Hamaseko lehen buruzagia Shaykh Ahmad Yassin izan zen, eta Intifadarekin, israeldarren aurka abiarazi zuten protesta ekinaldiarekin, sendotu zen talde gisa. Hamasek ez zuen inolako hitzarmenik egin nahi Israelekin. Erakundearen hamaikagarren artikuluak dio inolako alderdik ez duela Palestinako lurra emateko eskubiderik; hamahirugarrenak, berriz, jihad-a dela Israeli aurre egiteko bide bakarra, eta nazioarteko bake konferentziak eta gainerako neurriak "denbora alferrik galtzea" direla. Hamasen jihadak palestinar moderatuen aurkako ekintzak egin ditu (PAEko kideen aurka gehienbat), Israelen aurkako erasoez gainera. Hamasen estatutuetan argi eta garbi adierazita daude Mendebaldearen eta juduen aurkako sentimenduak, eta Koranetik ateratako aipuak erabiltzen dira artikulu askotan. Hamas gizarte laguntzarako taldea eta borroka taldea da aldi berean. Palestinarren bizimodua eta heziketa hobetzeko plangintzetan, lanbide heziketan, osasungintzan eta enplegua bilatzeko zereginetan hartzen dute parte. Hamaseko ekintzaile suizidak eta aktibistak bizia Jainkoaren alde ematea ekintzarik handiena dela sinesten duten talde berezi bateko kideak dira. 1994ko maiatzean Palestinako Agintaritza Nazionala sortu zenean, Hamasek gerra zibilari ekingo ziola egin zuen mehatxu, Israelen aurka borrokan jarraitzeaz gainera. Hurrengo egunetan, Tel Aviven, 22 pertsona hil ziren autobus bat leherrarazita, eta Israelek Hamaseko ehunka ekintzaile atxilotu zituen. Hamasek palestinar gehienen babesa jasotzen du. Babes zerbait galdu zuen bake prozesuaren ondoren, Palestinak galdutako lurretako batzuk berreskuratu zituenean, baina Israelgo gobernu berriek hitzarmenak betearazteko jartzen dituzten eragozpenak ikusita, babes hori are handiagoa izango dela dirudi.