hamartar
izond. Zernahi maila, azpiko mailako hamar banakoz osatzen den zenbaki sistemaz, neurri sistemaz edo pisu sistemaz esaten da. v Zenbaki sistema hamartarra. Mat. Indi-arabiar sistema edo arabiar sistema izenez ere ezagutzen da. Nahiz eta sistema hau antzinako herri askok erabili zuten (egiptoarrek, babiloniarrek eta txinatarrek, besteak beste) zenbaki sistema hamartarra gehien landu eta indartu zutenak VIII. eta X. mendeko matematikari indi-arabiarrak izan ziren. Gaur egun erabiltzen den notazioaren hastapen lantzat jotzen da Leonardok Pisanok K.o. 1202. urtean idatzitako Liber abaci liburua. 10-a erabiltzen da oinarri gisa, 10 zifra desberdin, 0, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, eta koma (herrialde batzuetan komaren ordez puntua erabiltzen da). v Neurri sistema hamartarra. 1670. urte aldera Gabriel Mouton apaiz frantsesak egin zuen neurri sistema hamartarraren lehen proposamena; Lurraren azalean minutu bateko arkuak duen luzera hamar zatitan banatu eta neurri horretan oinarrituriko sistema estandar bat proposatu zuen. Moutonen proposamenak aldaketa eta eztabaida ugari sortu zituen, eta 1795 arte Frantziak ez zuen ofizialki onartu sistema hamartarra. Gaur egun munduko herrialde gehienetan erabiltzen da sistema hamartarra. 1960. urtean Parisen egin zen nazioarteko batzar batean, Nazioarteko Sistema (NS) deritzan neurri sistemaren oinarriak finkatu ziren.