Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

halterofilia

iz. “Pisu altxaketa”, edo “Pisu eta halterak” izenez ere ezagutzen den kirola. Giza-indar hutsez baliatuz, halterak jaso behar dira lurretik, besoak jasotzeraino. Halterak pisu askotakoak izan daitezke, eta disko osagarri batzuk erantsi edo kenduz nahi den pisua lor daiteke. Pisurik handiena jasotzen duen atletak irabazten du. Beso bakar batez edo biekin batera altxatzen dira halterak, baina azken modu hau da gaur egun hedatuena. Atleta tresnaren aurrean kokatzen da, oinak ez oso zabal, eta eskuez heltzen dio erdiko barratik. Aurrena, gorputzari paraleloan jarrita altxatzen du. Altura jakin bat lortzen duenean, eta probako araudiak baimentzen badu, makurtu eta barra azpian jartzen da, baina barrari jaisten utzi gabe, eta ondoren, gorputza zuzendu ahala goraino altxatzen du tresna. Barraren azpian jartzeko bi modu dira: artazi edo split bidez (frantses estiloa), eta eseraldi edo squat bidez (germaniar estiloa). Gaur egun, pisuaren araberako kategorietan lehiatzen dira atletak, eta ondorengo sailak bereizten dira: abiada (kolpe bakar batean altxatzen da barra, gelditu gabe); bi aldi (bi kolpetan altxatzen da barra, lehenengoan lepauztai pareraino, eta bigarrenean goraino); indarra (bi alditan hau ere). Azken mota honetan ezin dira zangoak bildu. Halterofiliako Nazioarteko Federazioa 1920an sortu zen.