Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haganah

(Eusk. “Defentsa”). Juduen erakunde paramilitarra, turkiar agintearen garaian sortua. Molde militarrean antolatua (1917), juduen koloniak arabiarren erasoetatik babestea zuen helburu. Laster hartu zuen borrokarako esperientzia, 1929. urtetik 1935era bitartean arabiar matxinadaren aurkako ekinaldietan parte hartuz. Britainiar ofizial batzuen laguntza izan bazuten ere, 1939tik aurrera Haganah-ko kide batzuk atxilotu eta epaitu egin zituzten britainiarrek. Hala ere, Bigarren Mundu Gerran Haganah-ko kide asko aritu ziren borrokan britainiarren gudarosteetan. Gerra amaitu zenean, hots, 1945etik aurrera, borroka armatuari ekin zioten Haganah-ko kideek britainiarren eta arabiarren aurka. Israelek independentzia lortu ondoren (1948ko maiatza), Haganah erakundetik irten ziren Israelgo gudarosteko ofizialak.