Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haga

(Holanderaz Den Haag). Hego Holandako hiria, Ipar Itsasoaren ertzeko dunen gainean dagoena. 444.000 biztanle (674.000, hirialdeak barne). Holandako hiriburua ez izanik ere, errege-familiaren, goi diplomatikoen eta parlamentuko batzarren egoitza da. Halaber, nazioarteko erakunde batzuek bertan dute egoitza: Justiziaren Nazioarteko Auzitegia, Auzitegi Iraunkorra, eta Nazioarteko Zuzenbide Akademia. Garrantzi handiko finantzagunea. Lorategi bat dirudi hiriak, plano erregularrean antolatua, parke ederrez hornitua, hiribide zabalek zein ubideek zeharkatzen dutela. Eraikuntza aipagarriak ugari dira: Kondeen jauregia (XIII. mendea); Eliza Handia (Grote Kerk), gotiko estilokoa (XIV-XV. mendeak); Mauritshuis jauregia, gaur egun museoa dena (XVIII. mendea); Huis ten Bosch errege-jauregia (XVII. mendea); Udaletxe Zaharra (XVI-XVII. mendeak), etab. Garrantzi handiko museoak ere badira; esaterako, Maurishuis (holandar pinturaren eredua), Bresdius, Mesdag, etab. Hiriko industrialdea hegoaldean dago: sendagaiak, elektronika, metalurgia, kautxua, plastikoak, zurgintza. v Hagako Konferentziak eta Konbentzioak. Lehenak, (1899ko maiatza-uztaila) Nikolas II.a tsarrak deiturik, 26 estatu bildu zituen (Europakoak eta Amerika eta Asiako batzuk). Han hartutako erabakiak gai hauei zegozkien: lehorreko gerraren legeak finkatzea, itsas gerrari Genevako konbentzioa ezartzea, eta nazioarteko gatazkei Arbitraiarako Auzitegi Iraunkor baten bidez bakezko irtenbidea ematea. Bestalde, airetiko bonbardatzeak, gas itogarriak eta bala leherkariak galaraztea erabaki zen. Bigarrenean (1907ko ekaina-urria) 44 estatu bildu ziren 1899ko konbentzioak berriro aztertzeko, eta borrokari ekin aurretik gerra aldarrikapena egitea nahitaezkotzat jotzea erabaki zen.