Gustabo
Suediako hainbat erregeren izena. v Gustabo I.a Vasa. 1523-1560 urteetan izan zen errege (Lindholm, 1496 - Stockholm, 1560). Berak sortu zituen Suediako estatu modernoa eta Vasa dinastia. Aita, suediar senatari bat, Kristian II.a Danimarkako erregeak hil zuen; berak ihes egin zuen, eta danimarkarrak egotzi zituen (1523). Errege hautatu zutenean, hautsi zen Danimarka, Norvegia eta Suediaren arteko batasuna (Kalmar). 1527an eliza protestante nazionala sortu zuen. Itsasoko armada indartu zuen, eta Lübeck-en lortu zuen garaipenaz (1537), Suediako merkataritza Hansako ligaren aginpidetik askatu zuen. 1544an erregetza herentziazko egin zuen Vasa familiaren baitan, eta hautapen sistema ezabatu. v Gustabo II.a (Adolfo). 1611-1632 urteetan izan zen errege (Stockholm, 1594 - Lützen, 1632). Oxenstierna kantzilerraren laguntzaz, Suediako egoera hobetu zuen: bakea izenpetu zuen Danimarkarekin (Knäred-eko hitzarmena, 1613), Errusiarekin (Stolbova, 1717), eta Poloniarekin (Altmark-eko menia, 1629). Estatua eta armada eraberritu zituen. Ondoren Hogeita hamar Urteko Gerran arrakasta handiz parte hartu zuen, protestanteen buruzagitzan inperialen kontra. Breitenfeld-en garaipena erdietsi zuen (1631), Renanian barrena Alemania hegoaldera iritsi zen, eta Lützen-en Wallenstein garaitu zuen (1632ko azaroaren 16a), baina borrokan hil zen. v Gustabo III.a. 1771-1792 izan zen errege (Stockholm, 1746 - 1792). Handikien tirania oligarkikoa hautsi zuen, merkataritza eta nekazaritza bultzatu, arteak sustatu eta gorte handi bat eratu zuen. Errusia eta Danimarkaren kontrako gerran (1788-90) irabazle izan zen. Noble batek hil zuen. v Gustabo IV.a (Adolfo). Suediako erregea (1792-1809) (Stockholm, 1778 - Sankt Gallen, Suitza, 1837). Pomerania suediarra galdu zuen (1807) eta Errusiari utzi behar izan zion Finlandia (1808). Militarrek jo zuten kolpe batek irauli zuen. v Gustabo V.a. 1907-1950 urteetan izan zen errege (Drottningholm-eko gaztelua, 1858 - 1950). Bi Mundu Gerretan Suedia libre gorde zuen, haietan parte hartu gabe. v Gustabo VI.a (Adolfo). 1950-1973 urteetan izan zen errege (Stockholm, 1882 - Hälsingborg, 1973). Jakitun handia zen, bai arkeologian, bai botanikan (British Royal Academy-ko kide izan zen), eta demokrata ospe handia zuen. Iloba, Karlos Gustabo, da haren ondorengoa.