Gurik, Robert
Kanadar antzerkigilea (Paris, 1932). Québec-eko antzerkigile oparoenetako bat 60ko eta 70eko hamarraldietan. Gurasoak hungariarrak zituen, eta 1950ean joan zen sorterritik, Frantziatik, Kanadara. Montréaleko Institutu Politeknikoan egin zituen ikasketak: ingeniari titulua atera zuen eta ingeniari gisa lan egin zuen 1972 arte. Handik aurrera antzerkigintzan sartu zen buru-belarri. Centre d´essai des auteurs dramatiques erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Armand Gatti frantses antzerkigilearen eraginpean, Québec-eko ingurune, hedabide, kontsumismo eta egoera politiko-soziala aztertu zituen. Bertolt Brechten antzerkigintzaren baliabide tipikoak erabili zituen. Lan nagusiak: Les portes (1965, Ateak), Le pendu (1967, Urkatua), Hamlet, prince du Québec (1968, Hamlet, Québec-eko printzea), La palissade (1971, Oholesia), Le procès de Jean-Baptiste M. (1972, Jean-Baptiste M.-ren auzia) eta Le champion (1977, Txapelduna). Bi eleberri idatzi zituen: Spirales (1966, Espiralak) eta Jeune délinquant (1980, Gazte gaizkilea).