Guridi Bidaola, Jesus
Arabako musikagilea (Gasteiz, 1886 - Madril, 1961). Haurra zela Bilbora joan zen bizitzera familia osoa. 15 urte bete zituenean saria jaso zuen Txalupan obrarekin Bilboko Lore Jokoetan. Bilboko eskolan hiru urte eman ondoren, Parisera joan zen piano, harmonia, kontrapuntu eta organo ikasketak egitera. Usandizaga donostiarra izan zuen ikaskide Parisen. Ondoren Europako beste hiri batzuetara joan zen instrumentazioa, organoa eta konposizioa lantzeko artean musika idazteari utzi ez ziola. Garai hartakoak dira Paysage eta Nostalgia korurako obrak. Oso ezagunak dira Maitasun oñazea, San Juan Anteportaletaño, Goiko mendiyan, Akerra ikusi degu, Tumkurrunkuntun, Ator ator mutil, Aldapeko, Boga boga eta Ni ez naiz zomorrua korurako konposizioak. Ospe handikoak dira, halaber, bere hiru Euskal Herriko Kantak sailak; lau, sei eta zortzi emakume eta gizasemeren ahotsek osaturiko sei kanta biltzen ditu sail bakoitzak; Asi cantan los chicos (orkestra eta korurako obra, 1915), Mirentxu (konposizio lirikoa, 1915), Una aventura de Don Quijote (poema sinfonikoa, 1916), Amaya (drama lirikoa, 1920), Leyenda vasca (poema sinfonikoa, 1925), El Caserio (zarzuela, 1926), En un barco fenicio (poema sinfonikoa, 1927), La meiga (zarzuela, 1928), La cautiva (zarzuela, 1931), Mandolinata (komedia musikala, 1934), La bengala (sainete lirikoa, 1939), Diez melodías vascas (orkestrarako konposizioa, 1941), Seis canciones castellanas (ahots eta pianorako konposizioa, 1943), Peñamariana (zarzuela, 1944), Sinfonía pirenaica (orkestrarako konposizioa, 1946), Acuarelas vascas (estanpa lirikoak, 1948), La condesa de la aguja y el dedal (komedia lirikoa, 1950), Homenaje a Walt Disney (piano eta orkestrarako fantasia, 1956) eta Lamento e imprecación de Agar (pianorako obra, 1959). Sari ugari jaso zuen Guridik bere bizitzan zehar.