Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

guarani

(Guarani hizkuntzaz aba guariní, «gudari»). izond. Tupi jatorrizko indioen nazio bateko kideez esaten da; Paraguai, Parana eta Uruguai ibaien ibarretan eta Argentinako iparraldean sakabanatuta bizi dira gaur egun. || iz. Hego Ameriketako tupi-guarani saileko hizkuntza familia, gaztelaniarekin batera, Paraguaiko hizkuntz ofiziala dena gaur egun. || Paraguaiko dirua. v Tupi-guarani hizkuntzaz mintzatzen den herria. Ameriketako konkista aurretik Atlantikoko kostaldearen eta Parana, Uruguai eta Paraguai ibaien arteko lurraldeetan bizi ziren; gaur egun, kristautu gabeko talde bakartuak geratzen dira Paraguain eta Brasilen. Guaraniak Paraguaiko biztanleen % 65 dira, eta beren hizkuntza (guarania) ofiziala da gaztelaniarekin batera. v Antzinako guaraniak basoetako argiuneak lantzen zituzten, eta fruitu biltzaileak, ehiztariak eta arrantzaleak ziren. Komunitate bakoitzak buruzagi bat eta horren aholkulari zen zahar taldea izaten zuen; animistak ziren eta xaman-a zen jainkoekiko bitartekari lana egiten zuena. Gerretan preso hartutakoak jan egiten zituzten. Konkistaren ondoren, Encomienda delako sistemaren bidez esklabo hartu zituzten bertakoak; hala ere, Parana goiko aldeko eta Uruguai ibaiaren arroko leinuak jesuiten erredukzio babestokietan geratu ziren; herrigune horietan elkarlanean aritzen ziren, eta bizi baldintzak onak ziren. Eraso asko jasan arren erredukzioguneek aurrera egin zuten harik eta jesuitak Ameriketatik kanporatu zituzten arte.