Grünewald, Matthias
(Mathis Gothardt Neithardt benetako izenez). Alemaniar margolaria (Würzburg ? 1460 edo 1475 - Halle, 1528). Maguntziako artzapezpikuaren eta Brandeburgoko Alberto kardinalaren margolari izan zen. Frankfurtera erbesteratu zen, Erreformaren aldeko zelako. Cranach-en eta Dureroren eragina igartzen zaio lanetan. Kolore bereziak, argia eta ilunaren arteko kontraste bizia eta giza gorputzaren itxuraldaketa erabiltzen zituen, estuasuna eta ikara sortzeko. Koadro askotan irudikatu zuen Kristoren gurutziltzea; Isenheimeko aldarea (1512-1515) da obra nagusia.