Gripe, María
Haur literaturako idazle suediarra (Vaxholm, 1923 - Rönningen, 2007). Aita idazlea zuen. Berak filosofia eta erlijioen historiako ikasketak egin zituen Stockholmeko Unibertsitatean. Lizentzia atera ondoren, irakaskuntzan hasi zen lanean. Harald Gripe pintore eta irudigilearekin ezkondu zen. Honek bultzatu zuen idaztera, eta gero, ipuinetarako marrazkiak egin zituen. Idazten hasi zenean, liburu tradizionalak idatzi zituen, alabari kontatzen zizkion istorioetatik sortuak. Berehala, baina, familian eta eskolan ezkutatzen zen autoritarismoa argitara atera zuten kontakizunak idazten hasi zen. Estilo berdingabe eta hizkuntza zehatz eta soil batez, haurra kezkatzen duen edozein gairi heldu zion: gurasoen maitasunik eta arretarik eza, alkoholismoa, kartzela, langabezia, bekaizkeria, gizarteratzeko ezintasuna, heriotza, bakardadea. Lan nagusiak: Hugo eta Josefina (1960), Txorimaloaren alaba (1963), Beiragilearen seme-alabak (1956), Elvis Karlson (1973), Beroki berdea (1980), Basoko itzal zuri haiek (1983), Karolin, Berta eta itzalak (1985). 1974an Hans Christian Andersen domina –haur literaturako idazleentzako sari nagusia– eman zioten.