Granada
Espainiako hegoaldeko hiria, Andaluzian, Sierra Nevadaren oinetan dagoena; izen bereko probintziaren hiriburua. 254.034 biztanle (1991). Arte aldetik duen historia luze eta aberatsagatik turismo leku garrantzizkoa da: gotiko eta Errenazimentuko estiloko katedrala, Errege-erregina Katolikoen, Filipe Ederraren eta Joana Eroaren hilobiak gordetzen dituena; eliza barrokoak (XVI. mendekoak); Karlos V.aren jauregia (XVI.-XVII. mendeetakoa). Baina Granadako monumentu ospetsuenak Alhambra (XIII.-XIV. mendeetako mairuen gotorlekua eta jauregia) eta Generalifeko lorategiak dira. Nekazaritzagune eta merkataritzagune garrantzizkoa da, vega-tik (lur lau aberatsak eta ureztatuak) hurbil baitago. Granadako probintziak 12.531 km2 ditu eta 758.131 biztanle (1991). v Historia. Hiria arabiarrek sortu zuten 756an. Kordobako kaliferriaren mendeko izan ondoren, Granadako erresuma musulmaneko hiriburu izan zen. Garai horretan zibilizazio maila bikaina erdietsi zuen, eta haren lekuko diren hainbat monumentu gordetzen ditu; baina handikien familien arteko gerren ondorioz ahulduta, 1492an Errege-erregina Katolikoek bereganatu zuten.