Gore, Albert Arnold
Estatubatuar politikari eta ekologista (Washington DC, 1948). Estatu Batuetako lehendakariorde izan zen 1993-2001 bitartean, Bill Clintonen lehendakaritzapean. 2000. urtean Estatu Batuetako lehendakaritzarako hautagai demokrata izan zen, baina hauteskundeak galdu zituen, bere lehiakide nagusi George Bushek baino boto gehiago lortu arren. ■ Al Gorek gobernu arloko ikasketak egin zituen Harvardeko Unibertsitatean. Ikasketak bukatuta (1969), armadan izena eman eta Vietnamen egon zen soldadu. 1976an hasi zuen bere karrera politikoa, Tennesseetik legebiltzarkide hautatu zutelarik Estatu Batuetako Kongresuan. 1984an senatari hautatu zuten eta 1990ean berriz aukeratu zuten kargu bererako. 1993an Estatu Batuetako lehendakariorde izendatu zuten, Bill Clintonen lehendakaritzapean. 2000an, Alderdi Demokrataren hautagaia izan zen Estatu Batuetako lehendakaritzarako, eta beste hautagaiek baino boto gehien jaso arren, hautagai errepublikarrak, George Bushek, ordezkari gehiago lortu zituen, eta bera izendatu zuten lehendakari. Hauteskundeak galdu ondoren, kazetaritza irakasle aritu zen zenbait hilabetez, eta ekologiari buruzko hitzaldiak ematen hasi zen berriro. Geroztik, ekologismoaren aldeko buruzagi nagusietako bat bilakatu da mundu osoan. 2006an, An Inconvenient Truth ("Egia deseroso bat") izeneko dokumentalean, lurraren beroketa eta aldaketa klimatikoa salatu zituen. Filmak sekulako arrakasta izan zuen eta bi Oscar sari jaso zituen. 2007ko ekainean, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea saria jaso zuen, eta irailean, Bakearen Nobel Saria, gizakiak eragindako aldaketa klimatikoei buruzko informazioa biltzen eta zabaltzen, eta aldaketa horiei aurre egiteko hartu beharreko neurriak hartzen laguntzen egindako lanagatik.