Gordexola
Bizkaiko mendebaleko udalerria (Enkarterri). Mugak: iparraldean Gueñes eta Zalla, ekialdean Okondo (Araba), mendebalean Mena ibarra (Burgos) eta hegoaldean Okondo, Aiara (Araba) eta Artziniega. Garaiera, 80 m. 41,49 km2. 1997ko datuen arabera, 1.474 biztanle ditu (gordexolarrak). Herrigune hauek osatzen dute Gordexolako udalerria: Molinar-Zubieta (herriburua), Artekona-Llanas, Arrodeiaga, Iratzagorria, El Ponton, Berbikiz, Azkarai eta Zaldu. Herrerias Kadagua ibaiaren adarra igarotzen da Gordexola udalerritik. Hizkuntza banaketa, 1996an: 142 euskaldun, 196 ia euskaldun eta 1.039 erdaldun Ekonomia jarduera nagusiak industria (janari industria, zurgintza; langileen % 53) eta nekazaritza (bazkarako landareak, artoa, barazkiak; langileen % 20,5) dira. Abere hazkuntza garrantzitsua da (behi azienda). Aipagarriak dira Zalduko San Nikolas eliza, Berbikizko San Joan eliza (XIII. m.), Allende, Salazar, Ibarguen, Oxirando eta Zubiete-Oribaiko dorretxeak, Largatxako Salazartarren eta Hurtado de Ibarguenen oinetxeak eta Urdanegiko jauretxea. v Historia. Salazar, Salcedo, Marroquin eta Zamudio ahaide nagusien arteko gudu latzak izan ziren Gordexolako herrian XV. mendean. 1642. urteaz geroztik Bizkaiko Jaurerriari atxikirik dago Gordexola. 1740-1780. urteetan hautsi ziren Gordexolaren eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko ekonomia harremanak.