Gordillo, Luis
Espainiar margolaria (Sevilla, 1934). Zuzenbidea ikasten hasi zen, baina karrera hura alde batera utzi eta 1955ean Sevillako Arte Ederretako Eskolan sartu zen, pintura ikasketak egiteko. Bi urtez ikasi zuen eskola hartan eta ondoren Parisa aldatu zen. Parisen Europako abangoardiako mugimenduak ezagutu zituen, eta Wols, Dubuffet eta Fautrierren obrarekin zaletu zen. Orduan margotu zituen bere lehenengo obra informalistak, "Art Autre" eta "Dau al Set" abangoardiako joeraren eraginpean. Bide horri jarraituz egindako lanak erakutsi zituen bere lehenengo erakusketan, 1959an, Sevillan. 1962. urte inguruan, ordea, figurazioaren bideari heldu zion, eta 1970eko hamarraldian Espainian eragin gehien izan zuen mugimenduetako baten aitzindari bihurtu zen, madrildar figuratibismoaren aitzindari hain zuzen. Bacon eta Giacomettiren eragina, Ameriketako Pop-arena eta normatibismo geometrikoaren eragina jaso zuen, hurrenez hurren. Garai hartakoak ditu, beste zenbait lanez gainera, Buruak eta Automobilistak sailak, kontsumoko gizartearen aurrean zuen jarrera kritikoaren eta ironikoaren erakusgarritzat har daitezkeenak. 1980 eta 1990eko hamarraldietan margolaritza "hotza" izan da Gordillorena, bai koloreei dagokienez, bai bere koadroetako gaiekiko loturarik ezari dagokionez; estiloari dagokionez, berriz, garai hauetako bere koadroak figurazioaren eta abstrakzio postmodernoaren artean daudela esan daiteke.