Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gorbeialdea

Arabako ipar-erdialdeko eskualdea, Bizkaiko mugan. Mugak: iparraldean Bizkaia, ekialdean Arratzu-Ubarrundia eta Gipuzkoa, mendebalean Aiaraldea eta hegoaldean Añana eta Arabako Lautada. 406,2 km2 eta 5.519 biztanle (13,6 biztanle km2-ko). Udalerri hauek osatzen dute Gorbeialdea: Aramaio, Arrazua-Ubarrundia, Legutiano, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia. Aramaio ez da berez Gorbeialdeko herria, ez geografiaren aldetik ez historia aldetik ere; Gipuzkoako Debagoienako herriei lotua egon da beti. Nolanahi ere, Arabako herria izanik, Gorbeialdeko eskualdearen barnean dago gaur egun. Zuia da udalerririk zabalena eta jendetsuena, 1.574 biztanlerekin, nahiz eta eskualde honetako biztanle kopuru urria era nahiko orekatuan banatuta dagoen udalerri guztien artean. Izan ere, berdintsuak dira udalerri guztiak biztanleriari dagokionez: 1.300 inguru biztanle dituzte Aramaiok eta Legutiok, 1.100 Zigoitiak eta 800dik gora Urkabustaizek. Hizkuntzari dagokionez, Arabako eskualderik euskaldunenetakoa da Aramaioren eraginez. v Orografia. Arabako eskualde menditsuena da Gorbeialdea. Eskualdearen iparraldean Gorbeia mendialdea dago (1.475 m) eta hegoaldean Badaia mendiak, Gorbeialdearen eta Arabako Lautadaren artean. Mendebalean Gibijo mendizerra dago eta ekialdean Aramaioko mendiak. v Hidrografia. Mediterraneo aldeko isuria dute Gorbeialdeko ibaiek, Urkabustaizko mendietan sortzen direnak salbu. Baia da bertako ibai nagusia. Gorbeiako mendialdearen hegoaldean sortzen da, Gorbeialdearen sartaldean. Murgia, Vitoriano, Lukiano eta Abornikano (Urkabustaiz) igaro ondoren Kuartangoko haranean barneratzen da; Araba iparralde hegoalde zeharkatu eta Burgosko herrialdean sartzen da; Ebro ibaian hiltzen da. Zadorra ibaian isurtzen dira ekialdeko ibai txikiak eta errekak. Kantaurialdeko isuria duten ibaien artean Altube da aipagarriena. v Demografia hazkundea. Gorbeialdeko biztanle kopuruak behera egin du oro har XX. mendearen hasieratik. Gasteiza jo du gehienbat alde egindako jendeak. (7.234 biztanle 1900. urtean; 7.451 biztanle 1930ean; 8.178 biztanle 1950ean; 6.615 biztanle 1965ean; 5.845 biztanle 1975ean eta 5.519 biztanle 1986an). v Hizkuntza. Euskara, bizkaiera, da Gorbeialdeko berezko hizkuntza. XIX. mende bukaeran hasi zen gaztelania nagusitzen eta, oro har, gaztelania da nagusi gaur egun.  Batez beste, eta 1996ko datuek adierazten dutenez, biztanleen % 35 euskalduna zen. Baina Aramaiok eragiten dio gora kopuruari, bertako biztanleen % 86 baitzen euskalduna. Batez beste, urte hartako erroldak biltzen zituen 5.887 biztanleetatik 2.041ek euskalduntzat zuten euren burua, 822k ia euskalduntzat eta 3.024k erdalduntzat Urkabustaiz (XIX. mendean galdu zen euskara), Zigoitia (XX. mendean galdua), Zuia (XX. mendean galdua) eta Legutiano (euskaldunak, % 25) dira erdaldunenak. v Ekonomia. Gorbeialdeko ekonomia jarduera nagusia industria da (zurgintza, eraikuntzarako gaiak, etxerako tresnak, poliuretano; beharginen % 50). Sektore horrek ekarri zuen 1996an balio erantsiaren % 68, zerbitzuak (% 18), eraikuntza (% 10) eta nekazaritza (garia, garagarra, patata, bazkarako landareak, ardi, behi eta zerri azienda) oso urruti utzita. Zerbitzuak (eskolak, botikak, sendagileak, banketxeak), herriburuetara biltzen dira (Murgia, Izarra, Legutiano, Aramaio), gainerako eskualde nekazarietan bezala. Industria Legution, Zigoitian eta Urkabustaizen kokatzen da gehienbat, eta Aramaion eta Zuian zerbitzuak dira nagusi. Aipagarria da halaber Aramaion nekazaritzak duen garrantzia, alor horrek ekarri baitzuen 1996an balio erantsiaren % 12 udalerri horretan. Bi ezaugarri osagarri biltzen dira eskualde honetan: batetik, Gasteiztik hurbil dagoenez hiriburuaren inguruetan garatu den industriak eragin handia izan du bertan; bestetik, eskualdearen interes naturalak turismoarekin eta horri lotutako zerbitzuekin zerikusia duten jarduerak ere bultzatu ditu. Komunikabideei dagokienez sare zabal batek lotzen du Gorbeialdea Euskal Herriko eskualde eta hiri nagusiekin. Autobideak: Bilbo-Miranda-Zaragoza (Izarratik), Gasteiz-Bilbo (Altube); errepide nagusiak: Gasteiz-Bilbo (Barazar), Gasteiz-Durango (Urkiola), Gasteiz-Maltzaga (Arlaban). Burdinbidea: Bilbo-Miranda (Urkabustaiz).