Gorbatxov, Mikhail Ivanovitx
Errusiar politikaria (Privolnoe, 1931). 1952an sartu zen Alderdi Komunistan. Moskuko zuzenbide fakultateko arduradun eta Stavropol-eko gaztedi komunistetako idazkari nagusia izan zen. Stavropol-eko lurraldeko arduradun nagusi izan ondoren, nekazaritzako idazkari federal izan zen (1978). Politburoko kide izan zen 1979az geroztik; Txernenkoren garaian (1984) Atzerriko Arazoetako batzordeko lehendakari eta Txernenko hil zenean Alderdi Komunistako idazkari nagusi (1985eko martxoa) eta estatuburu (1988ko iraila) hautatu zuten. Berrikuntzaren (Perestroika) politika ezarri zuen Sobietar Batasunean, ez oposiziorik gabe. R. Reagan eta G. Bush Estatu Batuetako lehendakariekin batera armak murriztearen aldeko politika bultzatu zuen. 1991n Sobietar Batasunaren zatiketa bideratu zuen, eta, azkenik, Boris Yeltsin-ek baztertu egin zuen 1991ko abenduaren 25ean. ik. Perestroika. Estatu buruzagitza utzita (1991), Gorbatxov ez zen bizitza publikotik baztertu, eta sarritan agertu zen gobernuaren kontra. Eltsinen erabakiak kritikatu zituen, bereziki erreforma ekonomiko motelagoak defendatuz. Hainbat istiluren ondoren, Alderdi Komunistatik egotzi zuten ofizialki. 1996ko martxoan, Errusiako Federakundeko lehendakaritzako hauteskundeetara aurkezteko erabakia hartu zuen, baina ez zuen ia babesik lortu.
- goratze
- goraxko
- gorazarre
- gorbata
- gorbatadun
- Gorbatxov, Mikhail Ivanovitx
- Gorbeia
- Gorbeialdea
- gorbel
- gorbeltz