Goierri
Gipuzkoa osatzen duten eskualdeetako bat. Udalerri hauek hartzen ditu: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Orendain, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga. 351 km2-ko azalera du 1998ko datuen arabera (Gipuzkoaren % 17,7), eta 64.411 biztanle zituen guztira 1997an (Gipuzkoaren % 9,5). 12.348 biztanlerekin, Beasain da eskualdeko herririk jendetsuena, nahiz eta nahiko hurbil egon Zumarraga (10.354 biztanle), Legazpi (9.134 biztanle) eta Ordizia (9.092 biztanle). v Orografia eta klima. Eskualde menditsu eta garaia da Goierri (hortik datorkio izena). Eskualdearen hegoaldean dira mendi gorenak (Aralar mendiak: Irumugarrieta, 1.476 m; Txindoki, 1.410 m; Ganbo, 1.415 m; Pardarri, 1.359 m; Putzerri, 1296 m; Altzaniako mendilerroa, San Adrian: Aitxuri, 1551 m, Aketegi, 1.544 m, Aizkorri, 1.531 m, Arbelaitz, 1525). Murumendi mendia (887 m) nabarmentzen da Goierriko iparraldean. v Hidrografia. Goierriko eskualdeko mendietan (Aizkorri) sortzen dira Oria eta Urola ibaiak. Aizkorripean sortzen da Oria ibaia, Latsaen eta Otzaurte erreken bilgunean. Urtsuaran errekaren ura hartzen du Zegama eta Segurako udalerrietatik igaro eta gero, eta Eztanda errekaren eta Ataun-Lazkao herriak zeharkatzen dituen Agauntza ibaiaren ura bildu ondoren zeharkatzen du Beasain, Goierriko hiri handiena. Iparralderanzko norabidea hartu ondoren, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaro eta Tolosaldean barneratzen da. Aipaturiko ibaiadar guztiak eskuinaldetik biltzen ditu Oria ibaiak; ezkerraldekoak, Murumendiko mendialdean sortzen direnak, txikiak eta ur emari gutxikoak dira (Arriaran, Marriaras). Urola ibaia Aizkorriko mendietan sortzen da, Legazpiko herri lurretan eta, iparralderanzko norabidean beti, Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko herriak zeharkatzen ditu, Urola Kosta eskualdean sartu aurretik. v Klima. Gipuzkoa osoan bezala, Goierriko klima ozeanikoa da, epela eta hezea, neguak kostaldean baino hotzagoak diren arren (18 batez beste udan eta 7 neguan). Eskualde euritsua da: 2.000 mm urtean batez beste mendialdeetan eta 1.500 mm behe eremuetan. Pinua, haritza, gaztainondoa eta, 500 metrotik gora, pagoa dira zuhaitz ugarienak. v Biztanleria. XX. mendearen hasieran hasi zen, industriaren hedapenari esker, Goierriko biztanle kopurua handitzen, poliki baina etengabe (20.000 biztanle 1900. urtean; 26.196 biztanle 1930ean; 35.958 biztanle 1960an; 42.970 biztanle 1986an). Legazpi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberriako herriak hazi dira gehien, eskualdeko gainerako herrietako biztanleei eta kanpoko etorkinei esker. v Ekonomia. Nekazaritzak nolabaiteko garrantzia du Goierriko eskualdean; horretan ari da langileen % 8 eta industrian diharduen beste askok bigarren lanbidetzat dute baserria. Nekazaritza baserriko ustiakuntzari lotua dago eta abere hazkuntza garrantzitsua da (behiak eta ardiak). Eskualdeko langile gehienek industrian lan egiten dute (altzairugintza, tren-makineria, papergintza, industria kimikoa; langileen % 66) eta Legazpi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Lazkao eta Olaberria dira industria herri nagusiak. Maila apalagokoak dira Zegama, Segura, Idiazabal, Itsasondo, Ormaiztegi eta Zaldibiako industriak. Zumarraga, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko herrietara biltzen dira Goierriko zerbitzu nagusiak (langileen % 26). ■ Alor ekonomikoan, bi gune bereizi behar dira Goierrin: Oria ibaiaren arroan kokatzen diren herriek osatua, Zegamatik Ordizira bitartekoa, eta Urola ibaiari loturiko gunea, Urretxu, Zumarraga eta Legazpik osatua. Diferentzia horren arabera bilakaera sozial eta ekonomikoa aski desberdina izan da azpi-eskualde horietan. Izan ere, ibai bien arroetan garapen handia izan zuen industriak XX. mendean zehar, lantegi jakin eta handi batzuei lotua gehienetan. Horietako lantegi asko eta horien itzalpean sorturiko industria laguntzailea altzairugintzari emana zegoenez, 80ko hamarkadako krisiak eragin zuzena izan zuen hainbat herriren egoeran. Hala eta guztiz ere, industria askotarikoa du Goierrik, eta areago azken urteotan, jarduera berri ugari sortu baita gainera. Garai batean langabeziak jotako eskualdea izan arren, 2000. urteko laugarren hiru hilekoan batez besteko langabezia tasa ez zen % 9ra heltzen. Horretaz gain, turismo berdeari eta ingurumenaren ustiapenari lotutako ekimen ugari abiarazi dira, tradizionalki nekazariak ziren herriak biziberritzeko edota, zenbait kasutan, jarduera industrialek utzitako hutsuneak betetzeko. v Hizkuntza. Goierriko berezko hizkuntza eta hizkuntza nagusia euskara da, gipuzkera, nahiz eta, herri industrial handienek hartu duten etorkin kopuruaren ondorioz, erdaldunek ere talde zabala osatu. 1996ko datuek adierazten dutenez, urte horretan biztanleen erdia baino gehiago euskalduna zen: 37.589 euskaldun zeuden eskualdean, 8.845 ia-euskaldun eta 16.936 erdaldun. Herri guztietan ziren gehiago euskaldunak euskara hitz egiteko gai ez zirenak baino, baina herri industrial jendetsuenetan, belaunaldi gazteak neurri handi batean euskaldundu diren arren, handia zen erdaldunen kopurua. Herririk txikienetan, berriz, euskaldunak ziren nabarmen nagusi.