Gogol, Nikolai Vassilievitx
Errusiar idazlea (Sorotchinsky, Ukraina, 1809 - Mosku, 1852). Bere jaioterriko folklorea azaldu zuen umore handiz Bigiriak Dikanka etxaldean (1831-1832) izeneko lehen ipuin bilduman. 1835ean bi ipuin bilduma argitaratu zituen: lehenengoa (Mirgorod), Ukrainako girokoa da, baina, aurrekoan ez bezala, gaitzaren indarren aurrean sentitzen zuen antsia eta etsipena igartzen zaizkio honetan. Bilduma hartan agertu zen Taras-Bulba izeneko ipuin famatua. Bere ipuinik ezagunenak, San Petersburgon girotuak, ordea, Arabeskoak izeneko bilduman azaldu ziren: Erretratua, Ero baten egunerokoa, Nevako ibilbidea, eta batez ere Sudurra eta Longaina (azken biak Xabier Mendigurenek euskaratuak). Giro errealista darabil horietan Gogolek, hiriko arazoak, burokrazia eta maila xeheko pertsonaiak azaltzeko. Gogolen antzerki lanetan umorea da nagusi eta nolabaiteko moral nahi bat: gizakia ez da berez gaiztoa, gizarteak bultzatzen du gaiztakeriara. Ikuskari nagusia (1836), Senar-emazteak eta Jokalariak (1842) ditu genero horretan lan nagusi. Erroman idatzi zuen Gogolek obra nagusia: Arima hilak (1842) eleberria. Bigarren parte bat erantsi zion hari, errusiarren bertuteak goraipatu nahian. Baina, huts egin zuela pentsatuta, erre egin zuen bigarren partea (1852). Atsekabetuta hil zen, gizadia eta Errusia iraintzean bere bokazioari huts egin ziola pentsatuz.
- gogogabetasun
- gogogabetu, gogogabe, gogogabetzen
- gogogabetze
- gogoko
- gogokunde
- Gogol, Nikolai Vassilievitx
- gogolari
- gogonduri
- gogor
- gogoragarri
- gogorakizun