Goddard, Paulette
(Jaiotza izena, Pauline Marion Levy). Estatubatuar zinema antzezlea (Great Neck, New York, 1905 - Ronco, Suitza, 1990). Hamabost urterekin hasi zen ikuskarien munduan lanean, Florez Ziegfelden zuzendaritzapeko music-hall taldean dantzari gisa. Hollywooden 1929an egin zuen debuta, Stan Laurel eta Oliver Hardy bikote komikoaren filmetan. Bere lehen protagonista papera Charles Chaplin "Charlot" ezagunak eman zion, 1935ean, Modern Times filmean, industria giroko gizartearen satira eta zinemaren historiako filmik hoberenetakoan. Chaplinekin ezkondu zen, eta 1942an dibortziatu ziren. Harekin The Great Dictator (1940) nazismoari buruzko satiran ere lan egin zuen. Baina Bigarren Mundu Gerraz geroztik, Chaplinengandik urrun, bere ibilbide profesionala gainbehera joan zen. Bi lan bakarrik ditu aipagarriak: Errukiaren aingeruak (1947) eta Jean Renoirren Ganberazain baten egunkaria (1946). Bestalde, George Gershwin, Clark Gable eta Aldous Huxleyrekin maitasun erlazioak izan zituen, eta Chaplinengandik dibortzioa lortu ondoren, Burgess Meredith aktorearekin ezkondu zen. Handik urte batzuetara harengandik ere dibortzioa lortu, eta azkenik, Erich Maria Remarqueren alboan aurkitu zuen egonkortasuna maitasun kontuetan. 1958an Suitzara joan ziren bizitzera, eta beste zenbait film ere egin zuen arren (Terence Fisher, Reginald Borg edo Francesco Masellik zuzenduak), Chaplinen filmetan egindako lanarengatik izango da ezaguna bere izena zinemaren historian.