Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gizentasun

iz. Gizena denaren nolakotasuna. v Med. Gantz pilaketa gehiegizkoa gizonaren gorputzeko azal azpiko ehunetan, guruin endokrinoen akatsen baten, metabolismoan aldaketak gertatu izanaren, edo, bereziki, gorputzak bere eginkizunetarako beharrezkoa duena baino gehiago jatearen ondorioa izaten dena. Gizentasunak diabetesa, arterietako gehiegizko tentsioa eta bihotzeko eritasunak eragin ohi ditu, eta elikadurarekin zerikusia duten gaitzen artean zabalduena da gaur egun. ■ Gantz ehun kopurua neurtzea zaila da, eta ikerketa baliabide konplexuak behar dira horretarako. Gizentasuna gehiegizko pisuagatik definitzen da gehienetan, eta pisua sexua, adina eta gizakiaren neurriaren araberako arauen eredura zehazten da. Pertsona bat gizentasunak jota dagoela esaten da neurtutako pisua normaltzat hartzen dena baino % 20 gehiago denean. Jatorri hormonala duten gizentasunak (tiroide hormonak edo giltzurrun gainekoak) ohiz kanpokoak dira. Gorpuzkerazko gizentasunak, arruntenak, jatorri askotakoak izan daitezke: genetikoak, eta elikaduraren, faktore psikologikoen eta ingurumenari dagozkienen ondoriozkoak dira nagusiak. ■ Gizentasuna energia desoreka baten ondoriotzat hartzen da, zeinetan parte hartzen duten elikaduraren gorabeherak eta metabolismoari dagozkionak. Aipagarria da pima indiarren kasua: Estatu Batuetan bizi diren leinu horretako kideak gizenak dira, aldiz, Mexikon gelditu direnak, gorpuzkera normalekoak dira. Gizentasuna familiako arazoa da (gazte gizenen % 50ek aita edo ama gizenak ditu). Elikadura ez da gehiegizkoa izaten beti gizenengan, aldiz, elikadura gabeziak antzematen dira askotan, esate baterako, zuntzetan aberatsak diren elikagai gutxi hartzea, gantz edo azukre gehiegitasuna… Energia gutxi gastatzeak ere larriagotu egiten du kaloria gehiegi hartu eta kaloria gutxiegi gastatzearen arteko desoreka. ■ Gizentasuna, gehienetan, haurtzarotik bertatik adierazten da; eskola garaian diren haurren % 10 inguruk gehiegizko pisua du. Zenbait gizentasun mota beranduago sortzen dira, eta egoera psikiko bereziek eragindako elikadura arazoen (bulimia) ondorio izaten dira. Gizentasunak heriotza arriskuak ugaritzea dakar. Arteria hipertentsioaren, miokardio infartoaren, garuneko hodietako gorabeheren eragile nagusietako bat izaten da gizentasuna hain zuzen ere. Bestalde, askotan, azukreen eta gantzen metabolismoaren gorabeherak eragiten ditu. Horrez gainera, arazo mekanikoak (aldakako eta belaunetako artrosia) eta arnasketari dagozkionak (arnas gutxiegitasuna, bronkitis kronikoa) sortzen ditu.