Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ginea

(Izen ofiziala, Gineako Errepublika, Fr., Guinée). Afrikako mendebaldeko estatua. Mugak: Ozeano Atlantikoa mendebaldean, Ginea Bissau, Senegal eta Mali iparraldean, Boli Kosta hego-ekialdean, eta Liberia eta Sierra Leona hegoaldean. 245.857 km2 eta 9.452.670 biztanle (ginearrak). Hiriburua: Konakry (2.000.000 biztanle). Hizkuntzak: frantsesa (ofiziala), eta afrikar hizkuntzak; gehien mintzatzen direnak malinkea eta sussua dira. Etniak: peulak (% 40), malinkeak (% 30), sussuak (% 20), leinu txikiak (% 10). Erlijioak: musulmanak (% 85), bertakoak (% 7), kristauak (% 8), besteak (% 8,5). Hiri nagusiak: Kankan, Labé, Kindia. Dirua: Gineako frankoa (GF). v Orografia, klima, landareak eta animaliak. Lau eskualde bereizten dira Ginean: 1) Ginea Beherea, itsasertza eta kostako ordokiak hartzen dituena. 2) Fouta Djallon, kostatik bat batean bereizten den goi-ordokia ekialdean (Loura mendia, 1.538 m), eta Afrikako mendebaleko hiru ibai nagusien sorlekua dena (Niger, Senegal eta Gambia ibaiak). 3) Ginea Garaia, Niger inguruko ordokiek osatua. 4) Goi-ordoki batean dagoen oihan bakartua hegoekialdeko eskualdean; bertan dago lurraldeko mendirik garaiena (Nimba mendia, 1752 m). Ekuatoretik hurbil dagoenez Gineako klima bero hezea da; barnealdean kostaldean baino euri gutxiago egin ohi du. Landaredia: tropikoko oihanak dira nagusi itsasertzean, eta sabana barnealdean. Animaliak: tximuak, lehoiak, elefanteak, krokodiloak, sugeak eta intsektuak ugari dira. v Biztanleak. Etnia eta hizkuntza ugari dago Ginean, baina sarritan banatzen da Gineako biztanleria hiru etnia nagusitan: Fouta-Djalon-go peulak (Ginea erdialdean), malinkeak (mandingo taldeak, goi Ginean) eta sussuak (kostaldeko eskualdean, Ginea beherean); Gineako oihaneko talde desberdinak erantsi behar zaizkie talde nagusi horiei. Biztanle hazkundea, urteko % 3 ia, oso handia da (emakumeko 6,6 haur jaiotzen da), haur hilkortasuna izugarria bada ere (140 haur hiltzen da 1.000 jaioberriko). Oso biztanleria gaztea da: % 44 dira 14 urtetik beherakoak, % 54 15-64 bitartekoak, eta % 2 bakarrik 65 urtetik gorakoak, 1999ko estimazioen arabera. Hezkuntza nahitaezkoa eta doan da 7-12 urte bitarteko haurrentzat. Osasun egoera txarra da, ahalegin asko egin bada ere hobetzeko. Bizi itxaropena izugarri apala da, 46 bat urtekoa, emakume nahiz gizonentzat, eta 15 sendagile baino ez dago 100.000 laguneko (Frantzian, adibidez, 280 dira). Alfabetizazioari dagokionez, biztanleria osoaren % 35,9 dago alfabetatua, askoz gehiago, gehienetan gertatzen den bezala, gizonezkoak (% 49,9), emakumezkoak baino (% 21,9). Migrazioaren balantza negatiboa da, –15,12 milako, 1999ko estimazioen arabera. Azken datu hori dela-eta, kontuan izan behar da urteetan milaka erbesteratu iritsi direla Gineara Liberiatik eta Sierra Leonatik, eta haietako asko itzuli dela bere herrira. ■ Biztanleen urbanizazio maila ez da oraindik garaia (% 30 inguru), baina badira, hiriburuaz gainera, hirigune batzuk ere. Batez besteko dentsitatea ez da handia (30 bizt./km2), Konakryko barrutian izan ezik, eta eskualdeen arteko aldeak ez dira gainerako herrialdeetan bezain nabarmenak. Izan ere, Konakryko barruti hori, penintsula batean baztertua bezala baitago, berezia da, eta oso jendeztatua dago. Era berean, inguruko herrialdeen ondoan askoz indar handiagoa du hemen islamak (% 80tik gora), haietan askoz hedatuagoak baitaude kristautasuna eta bertako erlijioak. v Ekonomia. Afrika Mendebaldean, Ginea da berez herri aberatsenetako bat: lurrak eta klimak anitzak izanik, era askotako gaiak landu daitezke, eta orobat dira lur egokiak azienda eta basogintzarako, nahiz eta ingurumena hondatu samarra dagoen, nekazaritza sistema estentsiboegiak erabili direlako. Itsaso nahiz ibaietan arrain asko dago. Lurrean mea hobi garrantzitsuak daude: burdina eta bauxita batez ere, baina baita kobaltoa, urrea eta diamanteak ere. Sare hidrografikoa ere guztiz egokia da, bai energia lortzeko, bai lursailak ureztatzeko. Baina baliabide horiek guztiak, Afrikako inguru honetan salbuespen direnak, ez dira inondik inora behar bezala ustiatzen. Ahmed Sékou Touré lehendabiziko lehendakariaren agintaldian (1959-1984 urteetan lehendakari), diktadurapean, Ginea bakartua egon zen, kanpoko harremanik gabe ia. Nekazarientzat guztiz kaltegarria izan zen hori, eta zapalkuntza politikoa zela-eta teknikari askok alde egin zuen. Esportazioak oso nabarmen egin du behera, aluminio eta bauxitarenak izan ezik. Finantza bitartekorik ez dagoenez, eta ez baitago atzerritar inbertsiorik, ekonomia eta gizarte azpiegiturak oso txarrak dira (komunikazio bideak, eskolak, osasun egiturak). 1990eko hamarraldiaren bukaeran, ez da ikusten hobekuntza nabarmenik. Diktaduraren garaian hartutako ohiturak ez dira aldatu: inork ez du erantzukizunik nahi, eta ustelkeria bizitza ateratzeko modu arrunta da. Gobernuak, ahalegina eginda ere, eta kanpoko laguntza hartu arren, ez du lortu eskubideko estatu bat sendotzerik. Zergarik ez da ia biltzen, eta, hortaz, baliabide publikoak aluminioaren salmentaren eta kanpoko laguntzaren mende daude. Alabaina, badira hobekuntza batzuk: Konakry-Kankan burdinbidearen konponketa, garestiegia, ezin egin izan da, baina errepide asfaltodun bat egin da zentroa eta ekialdea lotzen dituena. Ospitale asko berriztatu da. Esportazio gai berriak sortu dira (tipulak, sagarrak…), eta baita enpresa txiki batzuk ere. Urre eta diamanteen erauzketa asko indartu da, eta inflazioa asko jaitsi da. Hala eta guztiz ere, oso hobekuntza txikiak dira, eta ez dira aski Gineak atzerrian duen irudi txarra hobetzeko. v Historia. Pigmeoak, Gineako lehendabiziko biztanleak, mendialdeetara eta kostaldera baztertu zituzten Nigerretik etorri ziren sussu leinukoek. XVI. mendean, fulaniak, Fouta Djallon-en jarri ziren bizitzen eta malinkeek, Mali-ko inperiokoek, Niger ibaiaren goi partea hartu zuten. Europarrak, portugaldarrak, XIV. mendean heldu ziren lehendabiziko aldiz Gineara, esklaboen eta Sudango urrearen salerosketarako lantegiak ezartzera. XVII. mendean heldu ziren frantsesak baina XIX. mendea arte ez zuten bizileku egonkorrik ezartzerik izan. 1890. urtean Ginea Senegaletik banandu zen eta geroago Frantziako kolonia bihurtu (Frantziako Ginea). 1946. urtean Frantziako herritartzat hartu zituzten ginearrak, baina 1958. urtean bertako biztanleek Frantziako konstituzioaren kontrako botoa eman zuten eta independentzia lortu. Ahmed Sékou Touré-k, lehendabiziko lehendakariak, erregimen sozialista ezarri zuen eta Sobietar Batasunarekin eta Txinarekin hasi zen harremanetan. 1960. urtean ordea, bizi zuten egoera ekonomiko larriak Estatu Batuekin, Frantziarekin eta ondoko herrialdeekin harremanetan sartzera bultzatu zuen. 1984ko martxoaren 26an, Sékou Touré bat-batean hil zen Estatu Batuetan. Berehala, militar talde batek estatu kolpe bat jo eta agintea hartu zuen; apirilaren 3an, Nazio Zuzenketarako Batzorde militar bat osatu zen (C.M.R.N.), Lansana Conté koronelaren buruzagitzapean. Conték Gineako Alderdi Demokratikoa eta estatu-alderdiaren erakundeak desegin zituen, preso politiko asko askatu eta ondasunak itzuli zitzaizkien, nekazariek gaitan ordaindu beharreko zergak ezabatu zituen. Alabaina, ez zen demokraziarik ezarri, eta alderdi politikoak debekatu ziren. 1985eko uztailaren 5ean, Traoré koronelak, L. Contéren Lehen Ministro izanak, estatu kolpe bat jo zuen; ez zuen arrakastarik izan ordea, eta zapalkuntza latza izan zen. Gobernuaren egitekoa izugarri handia zen: herritarrek ez dute esperientziarik batere demokrazian, bortizkeria oso handia da, eta administrazioa ez dago behar bezala prestatua. L. Conték bideratzen duen aldaketa oso motela iruditzen zaie Konakryko biztanleei; izan ere, baldintza negargarrietan bizi dira, eta sarritan sortzen dira istiluak. Horrez gainera, Liberiatik eta Sierra Leonatik 600.000 bat erbesteratu iritsi zirelarik, 1997an bereziki, areago larritu zen berez txarra zen egoera. 1990. urtearen bukaeran konstituzio bat onartu zen, aski estua hala ere; urtebete geroago aldarrikatu zen. Bitartean, alderdi aniztasuna onartu zen, eta, azkenean, 1993ko abenduan, lehendakaritzarako hauteskundeak egin ziren; L. Conté izan zen garaile, alde txikiarekin ordea. Protestak izan ziren bestalde, hauteskunde garbiak ez zirelakoan. Hauteskunde kanpaina eta hauteskundeak berak ere bortizkeria giroan egin ziren, eta Konakryn hil asko izan zen. 1995ean egin ziren legebiltzarrerako hauteskundeak. Presidentearen alderdia irten zen garaile (Batasunaren eta Aurrerapenaren Alderdia, PUP), baina oposizioak, emaitzarekin ez baitzegoen ados, boikota egin zien gero Legebiltzarreko egitekoei. 1996ko otsailean, kolpe militar baten saioak gerra zibilaren arriskuan jarri zuen Konakry berriz ere. 1998an, istilu handiak izan ziren ostera ere hiriburuan: Konakryko auzo handi baten berrikuntza zela-eta, bertako biztanleak indarrez irtenarazi zituzten, eta matxinada bat gertatu zen; oposizioko liderrak atxilotu zituzten, eta boikota nagusitu zen berriz ere Legebiltzarrean. 1998ko abenduko lehendakaritzarako hauteskundeetan, aurrekoan bezala, L. Conté izan zen garaile, eta orobat aurrekoan bezala emaitzen kontra agertu zen oposizioa. Oposizioko buruzagi baten atxiloketak (Alpha Condé, Gineako Herriaren Elkartea alderdikoa), manifestazioak eragin zituen zenbait hiritan. 2003ko hauteskundeetan ere Conté hautatu zuten lehendakari hirugarren aldiz. 2004an Lounseny Fall izendatu zuten Lehen Ministro baina urte horretan bertan uko egin zion karguari, Estatu Batuetan zela, Conték ez ziolako behar adina aukerarik ematen herrialdeko ekonomia salbatzeko. 2007an, greba ugariren eta manifestazioen ondoren, Conték Lansana Kouyate izendatu zuen Lehen Ministro. Kouyatek sindikatuen eta gizarte zibilaren babesa lortu zuen.
http://www.guinee.gov.gn/