Ginea Bissau
(Izen ofiziala, Ginea Bissauko Errepublika; Portugesez, República de Guiné-Bissau). Afrikako mendebaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Senegal; ekialdean eta hegoaldean, Gineako Errepublika; mendebaldean, Ozeano Atlantikoa. 36.125 km2 eta 1.413.446 biztanle (ginearrak edo gineabissautarrak). Hiriburua: Bissau (355.00 biztanle, bissautarrak). Hizkuntzak: portugesa (ofiziala), kreolera, afrikar hizkuntzak. Etniak: afrikarrak % 99 (balantak % 30, fulak % 20, manjakak % 14, mandingoak % 13, papelak % 7), europarrak eta mulatoak % 1. Erlijioak: bertako sinesmenak % 50, musulmanak % 45, kristauak % 5. Dirua: Gineabissautar pesoa. v Lurraldea. Lurralde laua da, garaixeagoa barrualdean (muinoak eta goi ordokiak), oihanez estalia gehiena eta bertan itsasoratzen diren ibai ugariz ebakia (Cacheu, Mansoa, Geba, Corubal). Esportazioko nekazaritza eta arrozadi gero eta zabalagoak basoen galera eragiten ari dira. Klima beroa eta hezea da; euri sasoia maiatza eta urria bitartean izaten da. Ginea Bissauko ibai nagusiak Cacheu, Mansoa, Geba eta Corubal dira; euri sasoian itsasontziak ibil daitezke ibai horietan. Herrialdean hiru parte nagusi bereiz daitezke: a) Kostaldeko lur laua eta padurak, mangle zuhaitzez eta palmondoez estaliak; lurraldeko parterik euritsuena da, eta bertan arroza eta azukre kanabera lantzen dira. b) Barnealdeko ordokia, Geba ibaiaren eta Senegalgo mugaren arteko lurrak hartzen dituen oihana; 26-27° C arteko tenperatura izaten da batez beste eta kostaldean baino euri gutxiago egin ohi du. c) Senegal eta Ginea ondoko sabana; lurralde horretako aldi lehorra (azaroa-apirila bitartean) besteetakoa baino nabarmenagoa izaten da; bertan sorgoa, arta txikia, eta kotoia lantzen dira. Ginea Bissau-ko animalia gehienak ur ertzean bizi dira: krokodriloak, sugeak, pelikanoak eta flamenkoak. Sabanan gazelak, leopardoak eta hienak bizi dira. v Biztanleak. Ginea Bissau errepublikan etnia ugari bizi dira; balanteak, beste zenbait herrirekin batera, kostaldeko lurretan bizi dira eta nekazaritza dute bizibide; barnealdean, berriz, fulani herriko artzainak, eta malinke (mandinga herria) nekazariak. Talde hauetatik bereizita Portugalgo kulturara moldatu diren bertako herritarrak eta mestizoak bizi dira. Bestalde, arraza zuriko portugaldar, europar eta brasildar taldeak ere badira. Portugesa da bertako hizkuntza ofiziala, baina beste asko ere hitz egiten da: criouloa, Afrikako sintaxia eta hiztegia darabilen portuges dialektoa, eta bertako hogeiren bat hizkuntza eta dialekto. Bertako erlijioak dira hedatuenak, eta islama da erlijio handietan errotuena. Biztanleen % 20 baino ez da bizi hirietan, baina urterik urte handitzen ari da ehuneko hori. Berez, hiriburua da hiri handi bakarra, gainerako biztanleguneak baino askoz handiagoa: Bafata (13.500 biztanle), Gabu (7.800 biztanle). Demografia, osasun eta heziketa indizeek argi erakusten dute herrialdearen behartasuna eta aurrerabide eskasa: bizi itxaropena 44 urtekoa da; 18 sendagile daude 100.000 pertsonako; 1.000 jaioberritatik 132 hiltzen dira urtea bete aurretik; biztanleen erdia baino gehiago alfabetatu gabe dago. v Ekonomia. Portugalen aurkako gerrak erabat suntsitu zituen Ginea Bissauko produkzio bideak. Herrialdeak askatasuna lortu zuen, baina munduko estatu pobreenetako bat bihurtu zen. Ginea Bissauko oinarrizko ekonomia jarduerak nekazaritza eta abere hazkuntza dira. Kostaldean olio-palmondoa, kokoa eta arroza dira nagusi eta barnealdean abere hazkuntza (behiak eta zerriak). Esportazio gai nagusia kakahuetea da. Lurraldeko % 38 basoa da eta bertatik ateratzen den zurik gehiena erregai gisa erabiltzen da; hala ere, bada zur gogorra duen bissilom izeneko zuhaitza eta hura esportatu egiten da. Arraina bestalde ugari dago, baina bitarteko egokiak falta dira arrantza industria behar bezala bideratzeko. Arrantza industria Sobietar Batasuna, Aljeria eta Gineako konpainiek ustiatzen dute (esportazioen % 10). Dagoen industria apurra nekazaritzako gaiak eraldatzeko jarduerekin lotuta dago. Mea baliabideak badira, baina oraindik behar bezala ustiatu gabe: bauxita, fosfatoak eta petrolioa (Ginea Bissau-ri dagokion itsas barrutian). v Gizartea eta kultura. Ginea Bissaun osasun baldintzak guztiz txarrak dira eta erietxeak behar dira; tuberkulosia, heste-sukarra, disenteria eta malaria, besteak beste, ohiko eritasunak dira. Haurren heriotza tasa oso handia da, eta bizitzaren itxaropena 43 urte ingurukoa. Heziketa hiru mailatan banatzen da, eta eskolak portugesez, criouloz eta, zenbaitetan, arabieraz ere ematen dira. Biztanle helduen % 70 alfabetatugabea da. Herriko irratiak eta egunkariak gobernuaren esku daude. v Historia. XIII. mendean, Ginea Bissau-ko kostaldeko herriak nekazarien herriak ziren (balante, kasanga, pepel herriak, etab.); Mali-ko inperioak bere mende hartu zituen herriok. XV. mendearen bukaeran portugesek hartu zuten bizitoki kostaldean, helburu birekin: bertako biztanleak esklabo hartzea, batetik, eta Cabo Verde-ko uharteak kolonizatzeko erabiltzea, eta bestetik, Ameriketan saltzea. 1687. urtean gotorleku eta esklaboen salerosketarako gune bat eraiki zuten Bissau-n. Portugaldarrak frantsesen eta britainiarren kontra lehiatu ziren koloniaren jabetasuna zela eta, azkenean, frantsesek eta portugaldarrek elkar harturik Portugalgo Ginea izan zenaren mugak zedarritu zituzten 1886-1905 bitarteko urteetan. 1956. urtean Ginea eta Cabo Verderen Independentziarako Afrikako Alderdia (GCIAA) sortu zen eta urte batzuk geroago Portugalgo gobernuaren kontrako gerrari ekin zion alderdi horrek berak. 1973. urtean Ginea Bissauk burujabetasuna aldarrikatu zuen eta hurrengo urtean onartu zion Portugalek. Aipatutako alderdi politiko horren idazkari zena hautatu zuten lehendakari, Luis Cabral. 1980. urteko azaroan, Joao Vieira-k indarrez hartu zuen aginpidea. 1981eko urtarrilean Cabo Verde Ginea Bissautik banandu zen. 1984. urtean huts egin zuen estatu kolpe batek eta konstituzio berria onartu zen. Konstituzio horrek aginduta lehen ministro kargua kendu zen eta Herriko Biltzar Nazionala eta Estatuko Batzordea ezarri ziren berriro. 1984. urteaz geroko egonkortze planak porrot egin zuen eta ekonomiaren eta finantzaren egoerak nabarmen egin zuen txarrera. Horri aurre egiteko, gobernuak izoztu egin zituen soldatak, murriztu egin zuen inbertsio publikoa, etab. eta ekonomiak ateak zabaldu zizkion Portugalgo eta Frantziako kapitalari. 1991n GCIAAk erreforma politiko bat onartu zuen, zeinaren arabera hauteskundeak egingo ziren 1992an. Baina ezegonkortasun ekonomiko eta politikoaren ondorioz, gobernuak atzeratu egin zituen hauteskundeak eta 1993an ere atzeratu egin behar izan ziren. Azkenik, 1994. urtean João Bernardo Vieirak Kumba Ialá garaitu zuen; haiek ziren lehendakaritzarako eta parlamenturako alderdi anitzeko lehenengo hauteskudeak. 1999an borroka larriak izan ziren hiriburuan Ansumana Mané jeneral errebeldearen eta Vieiraren gudarostearen artean. Azkenik, hiriburuko biztanle gehienek ihes egin ondoren, su-etena izenpetu zuten. 2003an, Veríssimo Correira Seabra jeneralak estatu kolpe bat zuzendu zuen. Batzorde militar batek behin behineko agintariak izendatu zituen, hurrengo hateskundeak deitu bitartean. Soldaduen matxinada batek gudarosteko ofizialak hil zituen 2004an. Sei urtez erbestean egon ondoren, 2005eko apirilean Vieira lehendakari ohia herrialdera itzuli zen, eta handik bi hilabetera, hauteskundeak irabazi zituen. 2007an diputatu ofizialista talde bat gobernuko alderditik bereizi eta koalizio berri bat osatu zuen. Aristides Gobmes Lehen Ministroak uko egin zion karguari, eta haren ordez Martinho Ndafa Kabik, oposizioaren buruak, hartu zuen kargua, kontsentsuko gobernu bat osatzeko asmoz.
http://www.guineabissau-government.com/