Gilberto, Astrud
Brasildar abeslaria (Bahia, 1940). Bahian jaioa izan arren, oso gazte zela Rio de Jaineirora aldatu zen bere familia. 1963. urte inguruan hasi zen musikaren mundua ezagutzen, eta hurrengo urtean lortu zuen bere karrerako lehen arrakasta, mundu osoan ospetsu egin zuena, Stan Getz jazzeko amerikar musikagileak, João Gilbertok (garai hartan senarra zuen Astrud Gilbertok) eta Antonio Carlos Jobimek elkarrekin grabaturiko disko bati esker. Hiru musikagileek disko hartan sartu zuten gerora mundu guztian ezaguna egin den "A garota de Ipanema" ("Ipanemako neskatxa") abestia, eta Getzi abesti haren parte bat ingelesez abestuko zela bururatu zitzaiolarik, Astrud Gilbert aukeratu zuten pasarte hura abesteko. Astrudek ez zuen esperientziarik abeslari gisa, eta zenbaiten ustez halabehar hutsez aukeratu zuten bera, baina haren ahots epel magikoa mundu osoan egin zen ezaguna. "Ipanemako neskatxa" abestiari Grammy saria eman zioten 1964an eta Getz/Gilberto diskoa aukeratu zuten urteko diskorik onena. Harrezkero bakarkako saioak egin zituen Astrud Gilbertok 1965ean The Astrud Gilberto Album eta The Shadow of Your Smile diskoekin, eta 1970eko hamarraldian musika idazten hasi zen. Hurrengo bi hamarraldietan hainbat bira egin zituen bere seikotearekin.