Germain, Jean-Claude
Kanadar kazetari, antzerki kritikari eta idazlea (Montréal, 1939). Montréalgo Unibertsitatean Historiako ikasketak egin zituen. Hiri hartan bertan Antonin Artaud antzokia sortu zuen, eta orobat sortu zituen 1969an Le Théâtre du Même Nom (TMN) antzokia eta "Les Enfants de Chénier" konpainia (1971. urtean "Les P´tits Enfants La Liberté" izena hartu zuen). Le Petit Journal, Dimensions eta Digest Éclair aldizkarietan lan egin zuen kritikari gisa, eta antzerkian espezializaturiko beste hainbat aldizkariren lankide izan zen; Le Magazine Maclean. L´Illettre (1970-1971) eta Les Pays théâtral (1977-1980) aldizkariak sortu zituen, eta Centre du Théâtre D´Aujourd´hui-ren (1969-1982) sortzaileetako bat eta haren zuzendari artistikoa izan zen. Québec-eko antzerki esperimentalaren eta berrizalearen alorrean lan egin du, batez ere, eta garrantzi handiko eragina izan du Centre d´essai des auteurs dramatiques zentroaren sorreran. Idazle, antzezle, musikari eta zuzendari askorekin lan egin du eta hezitzaile gisa ere aritu da. Bere obretan Québec-en iraganari eta orainari buruzko iritziak argitaratu ditu, larritasuna eta umorea, biak bateratuz. Germainen antzerki lanen artean azpimarratzekoak dira Rodéo et Juliette (1970) parodia; Diguidi, diguidi, ha! ha! ha! (1972) Québec-eko familia bizitzaren komentario sarkastikoa; Mamours et conjugats (1979) ezkon bizitzaren satira; Siles Sansoucis s´en soucient, ces Sancoucis-ci s´en soucierent-ils? Bien parler c´est se respecter (1972), Québectarren eta ingelesen arteko konplizitateari buruzko fartsa; Le roi des mises à bas prix (1972); Les hauts et les bas dla vie d´une diva: Sarah Ménard par eux-mêmes (1976); Un pays dont la devise est je m´oublie (1976); L´école des rêves (1979) eta Les faux brillants de Félix-Gabriel Marchand (1977).
- gerla
- gerlari
- gerlate
- gerlati
- gerli
- Germain, Jean-Claude
- Germain, Sylvie
- Germaine Foix-ekoa
- Germania
- germaniar
- Germaniko, Julio Zesar