Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gereziondo

iz. Bot. Arrosaren familiako zuhaitza, hosto berde distiradunak, erorkorrak, eta sortako lore zuriak dituena (Prunus avium). 20 m inguru luze egiten da. Enbor sendoa eta adaburu biribilekoa izaten dute gehienek, azala leuna, gazte diren bitartean. Lorea maiatzean edo apirilean ematen du. Hotzera eta berora ondo egokitzen den zuhaitza da. Lur sakona du gogoko, baina beste edozeinetara ere ondo egokitzen da, ez bada buztintsua eta oso hezea. Europa guztian hazten da, basoetan eta belardietan, batez ere. Gereziondoaren zura irudigintzan eta altzarigintzan erabiltzen da, hezea denean samurra eta gero oso gogorra delako. Beste gerezi motak ere badira, Prunus avium-en txertaketaz sortuak: (P.a. duracina), anpolaiak, gerezi ale handia, kolore gorri-beltxaranekoa eta mami gogorrekoa ematen duena; (P.a. juliana), kolore gorri-beltxaraneko edo hori-gorrixkako, eta mami bigun urtsuko alea ematen duena, adibidez. v Japoniako gereziondoa (Prunus serrulata). Gereziondoaren antzeko zuhaitza, lorea oso goiz eta sortetan ematen duena. Hostoak arrautza egiturakoak eta estuak izaten ditu. Honen aleak ere jateko onak dira, baina hartzen zailak izaten dira, eta txoriek jaten dituzte gehienak.