Geisel, Theodor Seuss
Haur literaturako idazle estatubatuarra, argitaratzaile eta irudigilea (Springfield, Masschusetts, 1904 - San Diego, Kalifornia, 1991). Geiselen lanak oso ezagunak dira Estatu Batuetan, batez ere bere bertsoetan tartekatzen duen umore apetatsu jostalariarengatik eta liburuak apaintzeko egiten dituen marrazki alai exotikoengatik. Artista gisa bere kasa ikasi zuen. Hamar bat urtez karikaturak marrazten lan egin ondoren, 1937an, haurrentzako lehenengo liburua kaleratu zuen: And to Think That I Saw It on Mulberry Street, Doctor Seuss izengoitiaren azpian. Testu haren xalotasunak eta umore biziak berehalako arrakasta eman zion. Handik gutxira, liburu gehiago argitaratu zituen, The King's Stilts (1939), adibidez; edota txori batek engainatuta arrautzaren gainean esertzen den harako elefante haren historia, Horton Hatches the Egg (1940). Bigarren Mundu Gerrako urteetan (1939-1945), haur literatura utzita, zinemarako gidoiak (dokumentalak) idatzi zituen. Horien artean, aipagarria da Design for Death, japoniar herriari eskainia, Akademiak saritua. Gerra bukatutakoan, atzera lotu zitzaion haurrentzako liburuak idazteari, eta laster argitaratu zuen liburu bat, McElligott's Pond (1947). Hurrengo hamarraldietan berrogei bat idatzi zituen guztira: Horton Hears a Who (1954), How the Grinch Stole Christmas (1957), The Cat in the Hat (1957), Green Eggs and Ham (1970), The Lorax (1971), The Butter Battle (1984)… Bestalde, marrazki bizietako pertsonaia bat sortu zuen, Gerald McBoing Boing, Akademiak saritua. Halaber, Pulitzer sariaren aipamen berezia jaso zuen, bere bizitza osoa Estatu Batuetako haurrentzako liburu didaktikoak eta jostagarriak egitera buru-belarri emateagatik. Nolanahi dela ere, haren azkeneko liburuek arrakasta handia eta oso harrera ona izan zuten helduen artean ere, eta salduenetakoak izan ziren: You're Only Old Once (1986), Oh, the Places you'll Go! (1990).