Gehry, Frank
Estatubatuar arkitektoa, Kanadan jaioa (Toronto, 1929). Estatu Batuetako joera dekonstruktibistako arkitekto nagusietako bat. 1970eko hamarraldian hasi zen nabarmentzen, material industrialak –kontratxapatuak, ohol kizkurtuak edo burdin sarezko hesiak– nahastuta egindako konbinazio ausartengatik. Bere poetika muturrera eramanez, 1980ko hamarraldian forma eskultorikoak erabiltzen hasi zen. 1962an, André Remondeten Parisko lantokian urtebete aritu ondoren, bere estudioa zabaldu zuen Los Angelesen. Lehengo lanetan Le Corbusier arkitekto handiaren eragin nabarmena erakutsi zuen. 1972. urte inguruan, baina, material zakarrak erabiltzen hasi zen, ohi ez bezalako konposizio geometrikoetan nahastuz eta tartekatuz. Ron Davisen Malibuko etxeak (Kalifornia, 1970-1972), adibidez, trapezoide itxurako teilatua du. Santa Monicako bere etxearen eraberritzeak ere (Kalifornia, 1975) mundu guztiko prentsa eszpezializatua erakarri zuen: etxeko gelak metalezko xafla kizkurtuzko ganbera moduko batzuk dira, burdin sarezko zati irregularrez dekoratuak. Familia bakarreko etxebizitza asko egin ditu, eta elkar ebakitzen duten plano makurren, kolore bizien eta material industrial zakar edo landugabeen adierazpen indarra ikertu du horietan. Erakundeek egin dizkioten enkarguen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Loyola Law Schooleko campus berria (Los Angeles, 1981-1984), Kaliforniako Museo Aeroespaziala (1982-1984), edota Toledoko Unibertsitateko Arte Museoa (Ohio, 1990-1992). Azken obra horretan dagoeneko nabarmen ikusten da Gehryren eskulturarako interesa, baina joera berri horren gailurra Bilboko Guggenheim museoa da (1992-1997), zalantzarik gabe. 1989an, Priztker saria irabazi zuen, arkitekturako nazioarteko sari nagusia.