Gatika
Bizkaiko iparraldeko udalerria (Mungialdea). Mugak: iparraldean, Lemoiz eta Jatabe; ekialdean, Jatabe eta Mungia; mendebalean Plentzia, Urduliz eta Laukiz, eta hegoaldean, Loiu eta Mungia. Garaiera, 89 m. 17,77 km2. 1997ko datuen arabera, 1.182 biztanle ditu (gatikarrak). Herrigune hauek osatzen dute Gatikako udalerria: Garai (herriburua), Butroi, Gorordo, Igartua, Libaroa, Uharte, Urresti eta Zurbao. Butroi ibaia igarotzen da udalerriaren iparraldetik. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 897 euskaldun, 116 ia euskaldun eta 66 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (langileen % 52) eta nekazaritza (bazka landareak, artoa, barazkiak, fruitu arbolak eta behi hazkuntza; langileen % 31) dira. Aipagarriak dira Butroi gaztelua (VIII. mendekoa, XVIII. mendean eraberritua) eta XII. mendeko Santa Maria parrokia. 1053. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Gatikako herria.