Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gartxot

Nafarroako Erdi Aroko poeta (Itzaltzu, Zaraitzu, XI. m. - Itzaltzu, 1110). Arturo Campionek ezagutarazi zuen Itzaltzuko herriaren gogoan eta dokumentu batzuen datuen artean mito bihurturik geratu zen poeta honen historia, elezahar kutsu handikoa. XII. mendearen hasieran Orreagako abatetxean zeuden fraide frantseek beren artera eraman nahi izan zuten Mikelot, Gartxot-en semea, haren ahots ederra entzuteko eta bertakotzeko. Ez zuen horrelakorik onartu Gartxotek, baina Zaraitzuko jaunak aginduta, preso hartu zituzten soldaduek aita-semeak. Haurra fraideen eskuetan gelditzea ezin eramanik, hil egin zuen Gartxotek semea eta haren ondorioz sutara kondenatu zuten. Elezaharrak dioenez, kondena haren ordainean bost urteko itxi zuten Gartxot lau hormen artean Abodi mendietako Elkorreta izeneko bortu batean, bizitzeko jendearen erremusinak baizik izango ez zituela. 1110. urtean hil zen Gartxot, goseak eta egarriak, askatu behar zuten egunaren bezperan. Campionen ustetan, Gartxotekin batera galdu zen euskaldunek Orreagan, Karlomagnoren aurka, erdietsi zuten garaipenaren euskarazko tradizio epikoa.