Garaikoetxea Urriza, Karlos
Nafar politikaria, EAEko lehendakari ohia, EAkoa (Iruñea, 1938). Zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Deustuko unibertsitatean, eta zuzendari karguak izan zituen Nafarroako zenbait enpresetan. 1975ean egin zen Eusko Alderdi Jeltzaleko kide eta 1977an alderdi horretako buru nagusi izendatu zuten, Euskadi Buru Batzarreko lehendakari hain zuzen. 1978an Euskadiko Autonomia Estatutua moldatu zuen batzordeko kide izendatu zuten eta Nafarroako parlamentuko kide aukeratu zuten 1979ko apirileko hauteskundeetan. Urte bereko uztailean aritu zen, Espainiako gobernuburu zen Adolfo Suárez-ekin, estatutuaren aldeko negoziazioetan. 1980 eta 1984ko legegintzaldietan Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakari hautatua izan ondoren, orduan bere alderdia zen EAJrekin liskar larriak izan eta alderdia zein lehendakaritza utzi zituen 1986an, urte hartan bertan Eusko Alkartasuna alderdia sortzeko. 1987ko apirilaz geroztik, EAko lehendakari izan zen 1999 urtea arte. Apurka-apurka joan da goi mailako politikagintza utzi du, bai alderdi barruan, baita erakudeetan ere. Izan ere, EAk 1999ko azaroan Iruñean egin zuen kongresuan kargura berriz aurkezteko asmorik ez zuela adierazi zuen, eta Begoña Errazti hautatu zuen EAk Karlos Garaikoetxearen ordezko. Alderdiaren ardura utzi arren, EAko legebiltzarkide eta alderdiaren talde parlamentarioaren bozeramaile izaten jarraitu zuen Gasteizko Legebiltzarrean –bost legegintzaldi egin ditu legebiltzarkide bezala–, baina adierazia zuen 1998an legegintzaldi hura amaitutakoan ez zuela inolako kargu publikorik hartuko, eta 2001. urtean Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu zirenean berretsi egin zuen ez zela bere alderdiaren lehendakarigai izango, eta ez zela hautagaien zerrendan agertuko.
- garaiarazi, garaiaraz, garaiarazten
- Garaibi
- garaiera
- garaiezin
- garaikide
- Garaikoetxea Urriza, Karlos
- garaikunde
- garailari
- garaile
- Garaio
- Garaioa