Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gante

Belgikako hiria, Ekialdeko Flandesko hiriburua. 234.563 biztanle (1985). Lys eta Escaut ibaiak elkartzen diren tokian dago. Hiri zaharrean garrantzi handiko eraikuntzak daude: udaletxea (gotikoa, 1600-1622), oihal azoka (1426-1441), dorrea (1313-1321), Saint-Bavon katedral gotikoa (1228an eraikitzen hasia), Andre Mariaren serora etxea (1234an eraikia eta 1600 inguruan eraberritua). Museo asko dira: Arkeologiakoa (XIII. mendeko Elisabet santuaren abatetxean), Folklore museoa (XIV. mendeko etxe batean), Arte ederretako museoa. Ospetsuak dira bost urtez behin bertan egiten diren lore erakusketak (Floralies). v Janari industria (garagardoa, edariak). Oso ezagunak dira bertan egiten diren oihalak (“Holandako” izenekoak). Portuak garrantzi handia izan du Ganteko ekonomian; portuari esker hartu dute indarra papergintzak, kimikak eta metalgintzak. v Historia. Flandesko hiriburua izan zen X. mendetik aurrera, Alsaziako Filipe kondeak oihalen tratuan aberastu ziren burgesen harrokeria zapaltzeko Kondeen jauregia eraiki zuenetik. 1567an Albako dukeak hartu zuen eta 1705ean Marlborough-ek; 1714an Austriaren mende zegoen Herbeheretako lurraldea izan zen. 1830. urtea arte Holandakoa eta handik aurrera Belgikakoa izan zen. Bi mundu gerretan Alemaniak hartu zuen.