Galvani, Luigi
Italiar sendagile eta fisikaria (Bolonia, 1737 - Bolonia, 1798). Animalien ehunetan bere ustez elektrizitatea zena aztertu zuen. Haren azterketek bultzatu zuten bateria voltaikoaren sorrera. Lehenengo azterketak anatomia konparatiboaren alorrean egin zituen (giltzurrunetako hodiak, erdiko belarria, sudurreko muki mintza…), baina garrantzitsuenak igelaren anatomiaz egindakoak izan ziren (1773) eta elektrofisiologiazkoak (1775etik aurrera). Saio ugari egin zituen igelekin; horietako bat ekaitza egiten zuenean igel hilaren hanketan bi metal ezartzea izan zen. Igelaren giharrak bihurritu egiten zirela ikusi zuen eta korronte elektrikoa sortzen zela (galbanismoa); indar fisiologikoen eraginez gertatu zela uste izan zuen (1771). Voltak ordea elektrizitatea bi metaletatik sortua zela erakutsi zuen geroago, bai eta animaliaren ehunak ez zuela elektrizitaterik ere. Galvanik bidea ireki zion Voltari korronte etengabea, bateria voltaikoa alegia, asmatzeko eta aldi berean indar eman zien giharren eta nerbioen azterketa fisiologikoei. Liburu batzuk idatzi zituen: Giharren mugimenduan elektrizitateak duen eraginaz, 1791; Arku eroalearen erabileraz eta lanaz giharren bihurduretan, 1794.