Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gabo

(Naum Pevsner benetako izenez) Estatu Batuetako eskultorea, jatorriz Errusiakoa (Briansk, 1890 - Waterbury, 1977). A. Pevsner-en anaia zen. Medikuntza eta fisika ikasketak egin zituen Munichen. Italiara eta Frantziara egin zituen bidaietan, abangoardiako mugimenduak ezagutu zituen. 1915ean, Oslon, bere anaiarekin batera, metalezko, kartoizko, zurezko eta zeluloidezko irudiak egin zituen. Errusian 1917tik aurrera izan ziren sobiet mugimendu guztietan hartu zuen parte. Manifestu errealista argitaratu zuen bere anaiarekin batera; konstruktibismoaren oinarriak finkatu zituzten agiri horretan, artearen askatasuna goraipatu zuten, eta ekai berrien erabileraren alde azaldu ziren. Alemaniako Bauhaus-eko kide izan zen 1922tik aurrera; Parisko Abstraction-Création taldeko kidea izan zen. Ondoren Ingalaterrara (1935) eta azkenik Estatu Batuetara joan zen (1946). Arte ez-figuratiboren inguruko lanak egin zituen batez ere.