fraktal
iz. eta izond. Mat. eta Geom. Geometrian, irudi konplexuetako edozein mota, gehienetan osagaiak irudi osoaren antzekoak izatea ezaugarri dutena. v Fraktalak ez dira geometria klasikoko edo Euklidesen geometriako forma soilak (karratua, biribila, esfera…) bezalakoak. Irudi ez erregularrak eta izadian uniformeak ez diren espazioak deskribatzeko erabiltzen diren irudiak dira fraktalak. Hitza Benoit B. Mandelbrot matematikari poloniarrak erabili zuen lehenengo aldiz 1975ean, eta geroztik sistema geometriko berria izatera iritsi da. Aldaketa handiak ekarri ditu matematikaren alorrera, eta baita kimika fisikora, fisiologiara eta isurkarien mekanikara ere. Osagaien itxura osagai gero eta txikiagoetan errepikatzen da, eta errepikatze hori behin eta berriro gerta daiteke gaiak abstraktuak direnean; era horretan zati baten zatia irudi osoa bezalakoa da oinarrian. Beraz eskala aldaketak egiten zaizkionean irudia aldatzen ez denez gero, estatistikaren arauak ezartzen zaizkie. Sistema hori, eta matematikak egin dituen sistema horren zenbait erabilera (dimentsio fraktala, kurba fraktala, algoritmo fraktalak…) gero eta gehiago erabiltzen dira mekanika estatistikoan. Adibidez, galaxia multzoen irudiak egiteko edo isurkarien turbulentziak ikertzeko erabili dira fraktalak.