fotokimika
iz. Kim. Materiaren gain irrada elektromagnetikoak (eta bereziki argiak) eragitean gertatzen diren erreakzio kimikoak aztertzen dituen kimikaren alorra. Zenbait erreakzio kimiko abiatzeko beharrezkoa da sistemari energia termikoa, elektrikoa, argi energia… ematea. Erreakzio fotokimikoetan energia hori argiarena da. Erreakzio fotokimiko ugari ezagutzen dira: fotosintesia da ezagutzen den erreakzio fotokimiko natural garrantzitsuena; argi irradak plaka fotografikoan sortzen dituen erreakzio kimikoak dira fotografiaren oinarria; ozonoa argi izpiek oxigenoari ekitean sortzen da, etab. Erreakzio horiek bi eratakoak izan daitezke: 1) Batzuek energia askatzeko joera dute eta, ilunpean egin daitezkeenez, argiaren lana erreakzioa bizkortzearena besterik ez da. 2) Beste batzuk ezin dira egin argiaren laguntzarik gabe, eta horiek dira benetako erreakzio fotokimikoak.