Forest, Jean Claude
Komiki idazle eta marrazkilari frantsesa (Le Perreux-sur-Seine, 1930 - Paris, 1998). Barbarella pertsonaiaren sortzailea. Arte eta Lanbide Eskolan ikasten ari zela hasi zen historiak idazten eta marrazten. Haren lehenengo lan ezaguna Stevensonen Gezi beltzaren bertsio bat da. Geroxeago, zientzia fikzioko kontakizunetarako ilustrazioak egiten hasi zen buru-belarri. Fiction aldizkarirako eta Hachette argitaletxerako azalak egin zituen, besteak beste. Haren lanik arrakastatsuena, baina, V Magazine aldizkariarentzat lanean ari zela, Barbarrella pertsonaia sortzea izan zen. Hura izan zen helduen komikietako lehen emakume heroia. Barbarellaren historia hizkuntza askotara itzuli zen, eta 1968an, Roger Vadim-ek film bat egin zuen pertsonaia hartan oinarritu hartuta. Barbarellaren papera Jane Fonda estatubatuar antzezle ezagunak egin zuen. Beste lan batzuen artean, 1962an Okapi aldizkariaren ardura hartu zuen. 1986an, Sierreko (Suitza) komiki lehiaketan bere obra osoarengatik saritu zuten.