Fiz, Martín
Arabar atleta eta maratoilaria (Gasteiz, 1963). Reebok R.C. taldeko atleta. Maiz parte hartu du nazioarteko probetan eta karrera bikaina osatu du, halako eran non historiako euskal maratoilaririk onena bilakatu baita. 1994. urtean Helsinkin (Finlandia) antolatutako Europako Atletismo Txapelketaren maratoian urrezko domina erdietsi zuen (Diego García azkoitiarrak zilarrezkoa lortu zuen). 1995ean, berriz, Goteborgen (Suedia) eta 1997an Atenasen (Grezia) jokatutako Munduko Txapelketetan lehen eta bigarren postuak eskuratu zituen hurrenez hurren Fizek. 1996. urteko Atlantako Olinpiar Jokoetan laugarren postuan sailkatu zen. 2000. urtean Sydneyn jokatu ziren Olinpiar Jokoetan maratoirako sailkatu zen, baina hamar lehenengoen artean heldu zen eta ezin izan zuen domina eskuratu. Joko horien ondoren goi mailako lehiaketa uzteko asmoa zuela adierazi baitzuen.