Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Finistère

(Bretoieraz, Penn-ar-Bed). Bretainiako mendebaleko lurraldea eta Frantziako mendebaleko departamendua [29]. Bretainiako Leongo herrialde osoa eta Kerneko herrialdearen mendebalala hartzen ditu, Armorikako penintsularen muturrean. 7.029 km2 eta 828.364 biztanle. Hiriburua: Quimper edo Kemper. Suprefetura hiriak: Brest, Châteaulin (Kastellin), Morlaix (Montroulez). Hizkuntza: bretoiera eta frantsesa. Finistèren gorde dira batez ere bretoien hizkuntza, ohiturak eta arkitektura berezia.  v  Orografia eta klima. Aon edo Aulne ibaiak bitan banatzen du departamendua: Arrée mendixkak (Menez Arre) daude iparraldean (384) eta Mendi Beltzak hegoaldean (325 m). Itsasoa oso barnera sartzen da lurrean: Bresteko urgolkoa, Douarnenez-ko badia, Audierneko badia. Iparraldeko itsasertza (Leongo eskualdea) itsas ibaiez betea dago. Hegoaldeko eskualdea (Cornuaille edo Kernev) apalagoa da. Uharte ugari ditu: Batz, Ouessant, Sein, Glenan. Ozeano aldeko klima, euritsua eta epela.
 v  Ekonomia. Nekazaritza (fruituak, barazkiak eta laboreak; behiak) eta arrantza. Itsas portu ugari dago Finistèren; Concarneau eta Douarnenez Frantziako garrantzitsuenetakoak dira. Brest da departamenduko hiri jendetsuena (portu militarra; merkataritza), eta Kenper, hiriburua, administrazio eta turismo hiria. Industriak ez da berebiziko muntarik, eta Brest aldean dago batez ere. Turismoak garrantzi handia du.