Fernández, Leonel
Dominikar Errepublikako politikari eta abokatua (Santo Domingo, 1953). Errepublikako lehendakaria da 1996. urteaz geroztik. Lehenengo ikasketak New Yorken egin zituen. Bere herrialdera itzuli ondoren, zuzenbidea ikasi zuen Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan, eta bertan lortu zuen doktoregoa. Juan Bosch izan zuen maisu eta gidari, eta Partido de la Liberación Dominicana (PLD) alderdia sortu zuten biek 1973an. 1983. urtean alderdiko Batzorde Nagusiko kide egin zuten, eta 1990ean Batzorde Politikokoa. 1994ko hauteskundeetan Errepublikaren lehendakariorde izateko hautagai izan zen, baina ez zuen irabazi. 1996ko hauteskundeetan Errepublikako lehendakaritza lortu zuen. PLD alderdiak izan duen lehen estatuburua da.